Lezamako historia bideo-dokumental batean jaso da

a: Lezamako Udala 2020ko uzt. 22a, 13:48

Uztailean, Lezama sei bihotz taupadatan bideo-dokumentala aurkeztu da jendaurrean. Lan horretan herriko azken 90 urteetako historia eta herri-ondare materiagabea jaso dira, “etxe guztietara ailegatu dadin eta denboraren poderioz galdu ez dadin”, azaldu du Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak.

Aurrekoetxearen esanetan, hiru eragile ibili dira egitasmoan: udala bera, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak eta Zorrizketan euskara elkartea. Lana egiteko ardura Labayru Fundazioari eman zioten, eta horrek testigantzak eta informazioa bildu ditu. Besteak beste, arlo hauek jaso dira bideo-dokumentalean: historiari buruzko sarrera orokorra, gizartea eta geografia, nekazaritzako lanei lotutako bizimodu tradizionalak, txakolinaren mundua, emakumeen lan espezializatuak, 36ko gerra eta gerraostea, Athletic, Pilota eta Mikel Zarate. Lana egiteko, iturri originalak eta dokumentalak eta bibliografia espezifikoa ikertu dira, eta informatzaileen testigantza eta argazki zaharrak batu dira.

Lana abenduan amaitu zen eta jendaurrean 2020ko udaberrian aurkeztekoa zen; hala ere, COVID-19ak sortutako osasun-alarmaren eraginez, aurkezpena uztailera atzeratu behar izan da. Lana sei atalek osatzen dute eta euskaraz zein gaztelaniaz ekoiztu dira. Uztailaren 18an euskarazko bertsioa aurkeztu zen, eta gaztelaniazko bertsioa hilaren 30ean, 22:00etan, emango da kiroldegian. Nolanahi ere, Lezama sei bihotz taupadatan bideo-dokumentala udalaren webgunean egongo da ikusgai.