Lezama, Herrien Arteko Txapelketan nagusi

a: Guiomar Gordon 2021ko eka. 21a, 15:24

Atzo, ekainak 20, Herrien Arteko Txapelketaren finala jokatu zen Bizkaia frontoian. Finalean Lezamako pilotariak aritu ziren Markinaren kontra, eta 2-1 nagusitu. Partiden aurretik, lezamarrak poz-pozik zeuden, hainbat urteren ostean finalera ailegatzea lortu zutelako, eta partiden ondoren poztasuna bikoitza izan da garaipenari esker.

“Azken finala 2007an jokatu genuen Getxon, Zaratamoren kontra, eta Bilbao da garai hartako pilotari-zerrendako pilotari bakarra”, azaldu digu Ander Castresana entrenatzaileak. “Lan handi-handia egin da garaipen hau lortzeko. Pilotariak denak emanda ibili dira eta hasieratik egin dute bat”. Castresanak botilero-lanak ere egin zituen atzo, pilotariei laguntza eta babesa emanda.

Kadete kategorian, Uriartek eta Busketek osatutako bikoteak 22-10 irabazi zieten Egurrolari eta Calvori. “Oso ondo hasi ginen, baina partida gogortu zen. Markinako aurrelariak, Egurrolak, erremate asko egin ohi ditu, baina ez genion utzi; atzelariak ere, Calvok, ez zuen aukerarik eman. Uriartek partidari eutsi zion, hark ere kontrakoei aukerarik eman gabe, eta pilotakada luzeak eginez. Busketek, bestalde, pilotakada ederrak eta akatsak uztartu zituen”.

Gazte kategorian, berriz, ezin izan zen garaipena lortu. Iruretagoienak eta Zarragak 22-3 galdu zuten Ibarlozaren eta Egurrolaren aurka. “Zarragak, atzelariak, bere onena eman zuen, baina ezin izan zion Ibarlozaren bonbardaketari aurre egin. Iruretagoiena ere ahalegindu zen, baina ezin. Pronostikoa bete zen, tanto gehiago espero baziren ere”.

Azkenik, Hormaetxek eta Bilbaok txapela lortu zuten Lezamarako, Agirremalloari eta Ibarlozari 22-21 irabazita. “Oso partida ederra izan zen, eta gogorra. Bilbao zalantzan ibili zen hasieran, eta Ibarzola gailendu zen. Hormaetxek eta Agirremalloak, bestalde, oso tanto ederrak egin zituzten”. Oso partida parekatua izan zen, eta  Markinakoak nagusitzen ziren arren, pilotari lezamarrek bikote bien arteko aldea gainditzea lortu, eta txapela eskuratu zuten Lezamarako.