Indarkeria matxistaren kontrako esaldiak idatziko dira Lezamako zenbait zebra-bidetan

a: Lezamako Udala 2021ko abe. 2a, 09:19

Esaldi Laburren Lehiaketa antolatu zuen lehen aldiz Lezamako Berdintasun Kontseiluak. Lehiaketaren helburua izan zen indarkeriaren matxistari eta homofoboari aurre egiteko euskarazko esaldi originalak idaztea, eta lezamarrek orotara 39 esaldi aurkeztu zituzten. Esaldi horietako bederatzi aukeratu, eta herriko zebra-guneetan idatziko dira.   

Aukeratutako esaldien artean, hurrengo hauek daude: “Emakumeen askatasuna, jendartearen heldutasuna”, “Beldurra ez dadin zure itzala izan” eta “Gogoratu: gertatzen den guztian konplize izan ahal zara”. Esaldiak, besteak beste, idatziko dira eskolaren sarrerako zebra-bidean, udaletxearen aurreko eta atzeko zebra-bideetan eta farmaziaren aurrekoan. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete parte-hartzaileei, “gizarte berdinzalearen alde borrokatzeagatik eta indarkeria matxista eta homofoboa arbuiatzeagatik”. Bestalde, Lezamako Udalak adierazi du ahaleginduko dela egitasmoa ahalik eta arinen garatzen.