Lehenengo mailan, Iker Espinalek min hartu zuen finalerdian eta Lerenak ordezkatu zuen. Finalean, aldiz, Lerenak ezin izango du jokatu, Espainiako selekzioak deitu diolako. Beraz, Espinalek bat egingo du Aitor Alduntzinekin eta bikote uhartearra Julen Alberdi eta Martxel Iztueta tolosarren kontra arituko da. Bestetik, gazte mailan, Ekhi Irribarria lazkaotarra eta Arkaitz Eskuza aretarra Aingeru Bernaola mañariarra eta Faben Ituarte atxondarra izango ditugu nor baino nor. Bitxikeria da, baina Irribarriak eta Eskuzak txapelketaren lehenengo partida ere jokatu zuten.
“Lehenengo mailan, Espinal eta Alduntzin faboritoak direla esango nuke, eskarmentu handiagoa dutelako eta elkarrekin gustura jokatzen dutelako. Halaber, gazte mailan, Irribarria-Eskuza bikotearen alde egingo nuke apustua. Ekhi Ikerren anaia da, pilotari profesionala, eta berak ere badu oso maila altua. Ez da txapelketan izan dugun bakarra; Iraitz Zubizarretaren anaiak ere jokatu du aurten, Lezaman. Horrelakoek jendea erakartzen dute txapelketara. Dena dela, giro polita izango dugu frontoian eta, finalak jokatu eta gero, urtero moduan, 50 lagun baino gehiago elkartuko gara afaltzen: pilotariak, lagunak, antolatzaileak...”, esan du Jaime Uriarte Lezamako Pilota Klubaren presidenteak.