Lehenengo partida gazte mailakoa izan zen. Horretan, Ekhi Irribarria lazkaotarrak eta Arkaitz Eskuza aretarrak 22 eta 10 irabazi zieten Aingeru Bernaola mañariarrari eta Faben Ituarte atxondarrari. Partidan ez zen lehia handirik egon, gipuzkoarra eta arabarra argi eta garbi nagusitu zirelako. Irribarriak eta Eskuzak gogor jotzen dute eta hori gehiegi izan zen arerioentzat.
Bigarren partida lehenengo mailakoa izan zen. Askoz orekatuago izan zen, emaitzak adierazi zuen moduan: Julen Alberdi eta Martxel Iztueta tolosarrek 22 eta 19 irabazi zieten Iker Espinal eta Aitor Alduntzin huartearrei. Partida zirraragarria izan zen: txapeldunak 11 eta 1 hasi ziren irabazten, baina nafarrek ez zuten itxaropena galdu, eta markagailuari buelta emateko zorian egon ziren. Laurok maila ona erakutsi zuten, baina Iztueta erabakigarria izan zen.