Astelehenean zabalduko da Lezamako Uda Programan parte hartzeko izena-ematea

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 27a, 14:02

Uda programak nobedadea dakar aurten, bi taldetan banatuta dago eta: uda txikia, lau urtetik 11 urtera bitarteko umeentzat; eta uda gaztea, 12 urtetik 16 urtera bitarteko gazteentzat. Lehena ekainaren 27tik uztailaren 22ra izango da, eta bigarrena, ekainaren 27tik uztailaren 15era. Izena ematea maiatzaren 30etik ekainaren 10era zabalduko da, eta liburutegian zein hemen egin daiteke.

Uda txikian 300 lagunentzako tokia dago eta izen ematea aste baterako egin daiteke (lezamarrek 55 euro ordainduko dituzte; gainerakoek, 125 euro), hamabostaldirako (110 euro; 245 euro) eta hilabete osorako (220 euro; 490 euro). Uda gaztea, bestalde, ekainaren 27tik uztailaren 15era izango da eta modalitate bakarra egongo da: hiru asteko modalitatea, hiru irteera dituena. Lezamarrek 150 euro ordaindu beharko dituzte, eta herrian erroldatuta ez daudenek, 375 euro. Hogeita hamasei lagunentzako lekua egongo da. Gainera, kasu bietan beherapenak izango dira egoera larrian dauden familientzat eta familia ugarientzat. Prezioak hemen kontsultatu daitezke. Lezaman erroldatuta ez daudenak onartuko dira, izena ematea bukatzen denean lekurik egonez gero. Beharrezkoa bada, zozketa egingo da ekainaren 14an.