Gora Lezamako txakolina!

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 6a, 12:59

Lezamako Udalak Txakolinaren Eguna antolatu zuen atzo, ekainak 5, 19. aldiz. Herriko ekitaldi garrantzitsuenetakoa da eta protagonista bertako upeltegien ardoa izan zen: Basalbeiti, Erdikoetxe, Garkalde eta Magalarte. Azken bi urteotan azoka ez da egin, eta aurten jendetza batu da Lezaman. 

“Guztiak gaude poz-pozik: antolatzaileok, ekoizleak, baserritarrak... Jende asko etorri zen Lezamara, salmentak primeran joan ziren, bai txakolinarenak  –guztira 700 kopa saldu genituen–, bai baserriko produktuenak... Urte bi eman ditugu azoka barik eta badirudi jendea gogotsu dabilela, kalera atera nahi duela, lehengo ohiturak berreskuratu nahi dituela”, esan du Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak.

Azoka goizean egin zen Hilario Astorki plazan, 11:00etatik 15:00etara. Han iazko uzta dastatzeko aukera egon zen, baita baserriko hainbat produktu ere. Horretarako 36 postu jarri ziren. Gainera,   Kurutze dantza taldeko umeek erakustaldia egin zuten. Azokan hauek hartu zuten parte: Jose Angel Iribar Athleticen jokalari ohia 2022ko enbaxadore izendatu zuten; Pedro Mari Goikoetxe kazetaria aurkezle ibili zen; eta Asier Dañobeitia herriko sommelierrak ardoaren ezaugarrien berri eman zuen. Umeentzako tailerrak egin ziren eta arrastian erromeria egin zen, Joxe Mendizabalen eskutik. Era berean, Jon Enbeitaren eta Ireneo Ajuria bertsolariak aritu ziren.