Ate irekiak Lezaman, umeentzako gune berria ezagutzeko

a: Lezamako Udala 2022ko ira. 29a, 14:28

Lezamako udaletxeko sotoetan lanak egin dira, bertan 0 urtetik 3 urtera umeentzako erabilera anitzeko gelak atontzeko. Lanak amaituta, gelak urriaren 3tik aurrera erabili ahalko dira, eta bihar, irailak 30, ate irekien eguna antolatu da, herritarrek gelak ezagutu ditzaten. Gune berria 17:30etik 19:00etara ezagutu ahalko da.

Esan moduan, 3 urtera arteko umeentzako gunea izango da, eta familiek hurrengo ordutegi honetan erabili ahalko dute: astelehenetik barikura, 16:00etatik 19:00etara; eta asteburuetan eta jai-egunetan, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19.00etara. Gunera eskaileretatik edo igogailutik sartu beharko da, eta, kasu bietan, familiek giltza eskatu eta ordaindu beharko dute. Giltzak 3,5 euro balio ditu, eta udal-bulegoetan eskatu daiteke. Umeak 4 urte betetzen dituenean, dirua itzuliko zaie familiei, handik aurrera ludoteka erabili beharko dute eta.