Bihar hasiko da Lezamako Eskualde Pilota Txapelketa

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 3a, 13:17

Lezamako Pilota Klubak 63. aldiz antolatu du Eskualde Txapelketa herrian eta hura bihar hasiko da. Guztira 32 bikote bi mailatan sartuko dira lehian, finala otsailaren azken astean jokatzeko. Txorierriko bost pilotarik hartuko dute parte txapelketan: Aimar Busquet, Iñigo Aurtenetxe eta Oier Hormaetxe lezamarrek, Adrian Uriarte sondikoztarrak eta Edorta Bilbao zamudioztarrak. Guztiek jokatzen dute Lezamako Pilota Klubean.

Datozen hilabeteotan, 15 pilota jaialdi egingo dira Lezaman barikuetan. Aurten, partidak ordu erdi lehenago hasiko dira, 19:00etan; bestela, “berandu egiten da”, Jaime Uriarte klubaren presidentearen esanetan. Betiko moduan, bikoteak bi mailatan daude banatuta: gazteak eta seniorrak. Txapelketari hasiera emateko, txorierritar bat ikusteko aukera izango dugu gazte mailan, Adrian Uriarte. Horrek Bernaolarekin (Munitibar) osatuko du bikotea eta Beitia (Zeanuri)-Bullon (Zornotza) taldearen kontra jokatuko dute. Senior mailan, Egiguren-Elosegi azpeitiarrak Erkiaga (Zeanuri)-Erasun (Zizurkil) bikotearen kontra arituko dira.

“Uste dugu txapelketa polita ikusiko dugula, pilotarien maila handia baita. Esate baterako, Ekhi Irribarria eta Beñat Zubizarreta (Iker Irribarria eta Iraitz Zubizarreta profesionalen anaiak, hurrenez hurren), gure Oier Hormaetxe… Batzuk gazteak dira, eta beste batzuk, txakur zaharrak. Ikusgarria izango da. Bestetik, Txorierriko pilotariek emaitza ona lortu ahal dute, Ikusiko dugu”, esan du Uriartek. Finalaren data zehazteke dago, baina antolatzaileek otsailaren azken astean egitea espero dute.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).