Lezamako mapa eguneratu du udalak

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 29a, 11:15

Lezamako Udalak herriko mapa eguneratu eta berritu du, eta hori lezamarren etxera bidaliko du datozen egunotan. “Denbora laburrean herriak aldaketa ugari jasan dituenez, gure herritarrentzat eta herrira datozenentzat ere bereziki erabilgarria izan daiteke”, esan du udalak ohar batean.

Mapak alde bi ditu: batean, mapa topografikoa dago; eta bestean, ortoargazkian oinarritutako mapa eta kale-izendegia. Hainbat datu eskaintzen dira bertan: auzoak, industrialdeak, oinezko bideak, errepideak eta bideak, ekipamenduak... Lezamarrek paperezko euskarrian izango dute; bestela, esteka honetan kontsultatzeko aukera dago: https://www.lezama.eus/eu-ES/turismo/udal-planoa/Orriak/default.aspx

Mapa egiteko, zenbait lagun ibili dira elkarlanean. Eusko Jaurlaritzak kartografia (Datu-Base Topografiko Bateratuak, DTB) eta ortoargazkia landu ditu. Era berean, toponimia behar bezala jartzeko, Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritzaren EAEko izendegi Geografiko Ofizialaren hobespenak hartu dira kontuan, baita Asier Bidartek eta Aintzane Etxeandiak idatzitako Lezamako toponimia liburua ere. Gainera, hauek eman dute laguntza: Josu Larrañaga Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen euskara trebatzaileak eta Lezamako Udalaren langile batzuek, aparejadoreak, udaltzainak eta kultura teknikariak. “Udalak eskerrak eman nahi dizkie horiei guztiei”.