Txorierritar bi daude Lezamako Eskualde txapelketaren finalaren atarian

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 16a, 11:13

Bihar Lezamako Eskualde pilota txapelketaren bigarren finalerdiak jokatuko dira 19:00etatik aurrera, eta horietan txorierritar bik hartuko dute parte: Adrian Uriarte sondikoztarrak eta Edorta Bilbao zamudioztarrak. Biek jokatzen dute Lezamako Pilota Klubean eta finalera helduko balira, “izugarrizko arrakasta” izango litzateke klubarentzat, Jaime Uriarte presidenteak esan duen moduan.

Lehenengo Mailan, Edorta Bilbaok Labaka tolosarrarekin batera jokatuko du, Egiguren eta Elosegi bikote azpeitiarraren kontra. “Partida gogorra izango da, noski, baina itxaropentsu gabiltza. Bilbao eskarmentu handiko pilotaria da eta horrelako partidak jokatzen jakin badaki. Gainera, Labaka pilotari ona da, txapelketaren onenetarikoa, eta laguntza ederra emango dio”, esan digu Uriartek.

Gazte Mailan, Adrian Uriartek Lazkoz nafarrarekin osatuko du bikotea. Aurkari ez da Garañanorekin arituko, eskuko mina duelako. Bere ordez, Buñon zornotzarrak jokatuko du Iglesias zaratamoztarrarekin. “Ez dakit bihotzak ala buruak esaten duen, baina uste dut Uriarte eta Lazkoz irabazteko gauza direla: Iglesias oso indartsua da; eta Buñon, segurua. Hala ere, Lazkoz atzean nagusitzen bada, uste dut garaipena lortuko dutela”, adierazi du presidenteak.

Finala datorren barikuan, otsailak 24, jokatuko da. Lehenengo Mailan, Zubizarreta-Cuairanen bikoteak lortu zuen finalerako txartela; eta Gazte Mailan, Apezetxeak eta Peñalverrek. “Txorierritar biak finalera heltzea ez da batere erraza izango, Lezamako Eskualde Txapelketara Euskal Herri osoko pilotariak etortzen direlako eta lehia handia dagoelako. Dena dela, argi dago herriko kluba osasuntsu dabiltzala. Bilbao eta Uriarte alde batera utzita, beste pilotari on batzuk ere baditugu: Ormaetxe, Busquet... Gainera, kimu eta haur mailetan hainbat ume ditugu eta haiek ziurtatuko digute etorkizuna”, aipatu du Uriartek.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).