Bilbao eta Uriarte txorierritarrek Lezamako Eskualde Txapelketaren finalak jokatuko dituzte

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 20a, 09:36

Lehengo barikuan, Lezamako Eskualde Pilota Txapelketaren bigarren finalerdiak jokatu ziren. Lehenengo mailan, Edorta Bilbao zamudioztarrak finalerako txartela lortu zuen Labaka tolosarrarekin batera. Bestalde, Gazte Mailan, Adrian Uriarte sondikoztarrak ere jokatuko du finala, Lazkoz nafarrarekin batera. Bilbaok eta Labakak Zubizarreta-Cuairan bikotea izango dute arerio; eta Uriartek eta Lazkozek, Apezetxea eta Peñalver. Finalak barikuan jokatuko dira, 19:00etan.

Lehenengo Mailan, Bilbaok eta Labakak 22 eta 13 irabazi zieten Egiguren eta Elosegi azpeitiarrei. Partida gogorra izan zen, pilotariek ez zuten hutsik egin. Atzeko aldean, zamudioztarra nagusitu zen, eskarmentu handiko pilotaria delako. Eta Labaka bikotekidearen lanaz baliatu zen, tantoak egiteko. Faboritoak izango dira finalean.

Gazte Mailan, Uriartek eta Lazkozek 22 eta 9 irabazi zieten Iglesiasi eta Bulloni. Lazkozek erakustaldi ederra egin zuen atzeko aldean. Argi dago goi-mailako pilotaria izango dela. Aurrean, Uriartek ez zuen akatsik egin, eta, ondorioz, garaipena merezita lortu zuten.