Josune Zabala eta Zorrizketan izango dira Lezamako Txakolin Egunaren enbaxadoreak

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 25a, 13:08

Lezamako Udalak eta BBK-k Txakolin Eguna egingo dute ekainaren 4an, domekan, 20. aldiz. 11:00etatik 17:30era bitartean Hilario Astorki plazan, udaletxearen aurrean, herriko lau ekoizleek postua jarriko dute. Gainera, beste 36 postu ere jarriko dira baserriko produktuak saltzeko. Josune Zabala merkataria eta Zorrizketan Lezamako Euskera Alkartea izango dira aurtengo enbaxadoreak.

 

Lezaman lau upeltegi daude –Basalbeiti, Erdikoetxe, Garkalde eta Magalarte– eta herriko Txakolin Egunean euren ardorik onenak eskainiko dituzte. 12:30ean, Josune Zabalak eta Zorrizketan elkarteko kideek, enbaxadoreek, kortxoa kenduko dute. Ondoren, Lezamako Ekidazu Abesbatzak eta Garaizarko Matsorriak taldeak kantaldi labur bat egingo dute. Bukatzeko, Asier Dañobeitia herriko sommelierrak uzta berriaren berri emango du. Pedro Mari Goikoetxea herriko kazetaria aurkezle arituko da.

Txakolinaz gain, hainbat produktu ere salduko dira azokan: frutak, barazkiak, gazta, ogia, euskal pastela, eztia, kontserbak, foie, artisautza eta abar. Azokarekin batera, zenbait ekintza egingo dira: 11:30ean, Kurutze Dantza Taldeko haurrek kalejira eta dantza-alardea egingo dute Euskaldun Berria plazan; eta, eguerdian, Arkaitz Estiballesek bertso batzuk abestuko ditu. Era berean, udaletxearen atzeko aldean umeentzako tailerrak izango dira, eskolako IGEren eskutik, eta, eguna amaitzeko, Broken Izotz taldeak erromeria bat eskainiko du 15:30etatik 17:30era Hilario Astorki plazan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).