Lezamako Mugetatik lasterketan izena emateko epea zabalik dago

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 15a, 14:24

Lezamako Mugetatik lasterketa irailaren 3an, domekan, egingo da hamazazpigarren aldiz, baina bertan izena-emateko epea dagoeneko dago zabalik esteka honetan. Betiko moduan, 25 kilometroko lasterketa eta martxa antolatuko dira, baina horietaz gainera, aurten, lehendabiziko aldiz, 14 kilometroko lasterketa ere egingo da gazteentzat. 

Zenbait saio antolatzen dira Lezamako Mugetatik izenpean: jatorrizkoa 25 kilometroko lasterketa da. Zailtasun ertaina du, baina tarte gogor eta tekniko ugari ditu, batez ere Urrustiko gailurretik Basobaltz basora jaistea, Ganguren mendira igotzea, ibilbidearen sabaia (475 m), eta hortik Ugarte auzora jaistea. Horren korrikalariek Ganguren Ziztu Bizian saioan ere parte hartzeko aukera izango dute. Tarte horrek kronometraje propioa izango du, eta erronka “ausarta eta erakargarria” da, antolatzaileen esanetan. Lasterketaren 14. kilometroan hasten da eta tarte horrek 3 kilometroko distantzia eta 400 metroko desnibela du. 

Bestetik, aurten, lehendabiziko aldiz, 14,5 kilometroko lasterketa egingo da gazteak eta junior kategorietan. Gainera, lehiatik kanpo, beste saio bi ere antolatu dira: batetik, 25 kilometroko mendi-martxa; eta bestetik, txikien ibilaldia, Lezamako eskolako gurasoen elkartearen laguntzari esker antolatuta. Horretarako, ibilaldi polita antolatuko da Ganguren edo Gaztelumendi mendien inguruan.   

 

Prezioak

Saio horietan parte hartzeko, antolatzaileek prezioak ezarri dituzte: 25 kilometroko lasterketan,  federatuek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabeek, 25; 14 kilometroko lasterketan, federatuek, 17 euro, eta federatu gabeek, 22; ibilaldian, lezamarrek, 12 euro, eta lezamarrak ez direnek 17 euro; eta txikien ibilaldian, bost euro. Parte-hartzaile guztiek kamiseta eta Lezamako produktu naturalen poltsa bana jasoko dituzte. Batzen den diruaren zati bat helburu solidarioak dituen elkarteren batera bideratuko da, aurreko urteetan egin den bezala (Ongi etorri errefuxiatuak, Nepalgo lurrikararen kaltetuen laguntza, harrera elkartea...).  

Antolatzaileek parte-hartzea mugatu dute eta bakarrik 200 lagun onartuko dira saio bakoitzean. Parte-hartzaile asko egongo direnez eta saioak desberdinak direnez, irteteko ordua tarteka egingo da: 25 kilometroko ibilbidea 8:00etan hasiko da; 25 kilometroko lasterketa, 9:30ean; txikien ibilaldia, 10:00etan; eta 14 kilometroko lasterketa, 10:30ean. Ibilbidean, hiru anoa-postu jarriko dira: lehenengoan, bosgarren kilometroan; bigarrena, 13,5. kilometroan; eta hirugarrena, 19. kilometroan. Guztietan likidoa eskainiko zaie korrikalariei, baina bigarrenean baita solidoa ere. Garaikurrak 13:00etatik aurrera banatuko dira.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).