Garazi Kamiok irabazi du Mikel Zarate saria

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 30a, 12:07

Lezamako Udalak jakinarazi duenez, Garazi Kamio Anduagak idatzitako Bikini nobela laburrak irabazi du Mikel Zarate haur-literatura sariaren aurtengo edizioa. Lanean, Kamiok bullying istorio bat kontatzen du, baina ez biktimaren edo erasotzailearen ikuspuntutik, baizik eta ikusle hutsa den eta deseroso sentitzen den ume baten ahotik. Egileak 3.000 euroko saria jasoko du, eta liburua Elkar argitaletxeak kaleratuko du.  

Mikel Zarate haur-literatura saria Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten idazle lezamarren omenez, eta aurten 13. aldiz egin da. Sariketara 16 lan aurkeztu dira eta haien artean Bikini irabazle aukeratu du Maribel Aiertzak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epai-mahaiak.

Garazi Kamio Andoainen jaio zen 1979an. Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Irakasletza ikasi du, eta kazetari moduan lan egin duen arren, gaur egun ingeles-irakaslea da bere herriko ikastolan. Umeen literaturako hainbat lanez gainera, aurretik argitaratuta ditu Beste norbaiten zapatak (2012, Igartza saria) eta Orube abandonatuak (2014, Agustin Zubikarai saria) narratiba-lanak.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).