LAB sindikatuak azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzua da Elorritxuetako zentroa eta Landalan enpresak kudeatzen du; azken urtean 50 langile baino gehiago ibili dira bertan lanean. “Duela urtebete Aldundiarekin zuen hitzarmena bukatuta zerbitzua emateari utziko ziola adierazi zien enpresak langileei eta komiteko ordezkariei. Harrezkero, bilerak egin dira enpresaren zuzendaritzarekin, Aldundiko Gizarte Ekintzako ordezkariekin, komiteko kideekin eta sindikatuekin, baina enpresak berriz esan du ez dagoela zerbitzua ematen jarraitzeko aukerarik”, adierazi du sindikatuak prentsa-ohar baten bidez.
“Hitzarmen kolektiboan jasota dagoen moduan, enpresa berriari subrogaziorako datu guztiak emango zizkiola agindu zuen. Ordutik hona, zerbitzuari lotutako hitzarmena hainbatetan luzatu da, eta langileen lan-baldintzak kaskartu dira hitzarmen batetik bestera, hilabetez hilabete, eta langileen lan-osasuna ere arriskuan ipini da; era berean, estalitako kaleratzeak egon dira. Bestalde, gogora ekarri behar da enpresak urteetan ez duela sektoreko hitzarmen kolektiboa bete eta Aldundiak beste alde batera begiratu duela”.
Sindikatuaren esanetan, “zerbitzuak urteak daramatza kaskarra izaten eta egungo egoera oso larria da: 42 erabiltzaileentzako lekua izan arren, 82 erabiltzaile ere izan dira zentroan, eta langile gehiagorik ez; ez dago erabiltzaileentzako leku duinik, ezta euren bizitza-proiektua aurrera eraman ahal izateko gunerik ere; materialik eza dago eta higiene-materialik eza ere bai; eraikinean sutea izan zen, koltxoi batzuk erre zirelako…”.
LABen hitzetan, “Aldundia eta Gizarte Ekintzaren zuzendaritza dira egoeraren erantzule. Langileei agindu zieten zentroak irekita jarraituko zuela, baina pixkanaka-pixkanaka desegiten ari dira. Halaber, jakitun egon dira bizi- eta lan-egoera kaxkarrez eta beste albo batera begiratu dute”. Sindikatuak nabarmendu duen moduan, “beste behin argi geratu da publikoak izan beharko liratekeen eta Aldundiaren menpe dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela”. Horregatik deitu dute mobilizazioetara.