Lezamak 90.000 euro zuzenduko ditu partaidetza-aurrekontuen bidez aukeratutako egitasmoetara

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 20a, 13:30

Astelehenean, urriak 23, epea zabalduko da Lezaman, herritarrek 2024ko aurrekontuei begira proposamenak aurkeztu ditzaten. Proposamena herrian erroldatutako 16 urtetik gorako edozein pertsonak egin dezake, eta epea azaroaren 5era arte izango da zabalik. Udalak jakinarazi duenez, 90.000 euroko diru-partida zuzenduko du partaidetza-aurrekontuen bidez aukeratutako egitasmoak gauzatzera.

Proposamenak aurrez aurre aurkeztu ahalko dira liburutegian dagoen hautestontzian, edo hurrengo leku hauetan ipiniko diren postontzietan: Iruris, udaletxea, Aretxaldeko geltokia, Kurtze, Bolaleku eta Goitioltzako txokoa. Gainera, urriaren 27an pertsona bat auzoetatik ibiliko da, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, auzotarrei informazioa emateko eta prozesuan parte hartzen laguntzeko. Proposamenak online ere egin daitezke.

Azaldu moduan, proposamenek udalaren eskumenekoak izan behar dute, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak eta etorkizuneko gastuak arriskuan jartzen ez dituztenak. Obrei lotutako proposamenen kasuan, egitasmoaren gehieneko kostuak 40.000 eurokoa izan behar du; eta zerbitzu eta jarduerei lotutako proposamenen kasuan, 15.000 eurokoa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).