Performancea eta batukada Lezaman, Azaroaren 25ean

a. Artxiboko argazkia: Burrundadie 2023ko aza. 23a, 09:46

Zapatuan, azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izango da. Lezaman, elkarretaratzea egingo dute 13:00etan, Hilario Astorki plazan, eta horren ostean, Tú+Yo=Es 2023: El silencio no calla antzerki-performancea izango da Ausartak antzerki taldearen eskutik. Amaitzeko, batukada izango da Burrundadie Batukada taldearekin. Lezamako Udalak, Moreak talde feministak eta Berdintasun Kontseiluak antolatutako ekintzak dira.

Bestalde, Azaroaren 25aren atarian, Lezamako Udalak adierazpen instituzionala onartu du. Azpimarratu duten moduan, sexu-indarkeriak adingabeen artean gero eta eragin handiagoa du eta sexu-delituen biktimen % 40 hain zuzen adingabeak dira; gehienak neskak eta nerabeak. Era berean, adierazi dute adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin duela, eta, datuen arabera, neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan. “Horren arrazoien artean dago egun adingabekoek digitalizazioaren bidez eskura dituzten biolentziazko sexu praktika eredu ez osasuntsuek euren harreman afektiboetan eta sexualetan duten gero eta eragin handiagoa. Baita sare sozialetatik, publizitatetik eta komunikabideetatik jasotzen dituzten irudi eta eredu matxistak eta sexistak ere”.

Adierazpenean jaso dutenez, mugimendu feministaren eta adituen esanetan, horien arrazoiak genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana dira. “Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu da. Sexu-indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere”.

Horren aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituztela adierazi dute, “emakumeek eta neskek bizitza garapen osoa izan dezaten, askatasun- eta segurtasun-baldintzetan. Hain zuzen ere, beraien desirak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adieraz ditzaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita”. Hortaz, udalerrian berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko, konpromiso hauek hartu ditu Zamudioko Udalak:

  • Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia eratzea/hobetzea/indartzea, adingabeen artean sexu-indarkeriari aurre egiteko egiturak, baliabideak, zerbitzuak edo programak ezarriz, herriko talde feministarekin eta herriko beste eragileekin batera.
  • Sentsibilizazio-programak diseinatzea herriko talde feministarekin eta beste eragileekin, eta bereziki gurasoekin eta irakasleekin, IGEen bitartez, genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruzkoak.
  • Hezkuntza ez-formaleko espazioetatik hezkuntza-prozesuak garatzen laguntzea, adingabeen indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzeko.   
  • Udalak duen indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa berrikusi eta eguneratzea; jaietako protokoloa, adingabekoak eta indarkeria bikarioa txertatuz herriko talde feministarekin eta beste eragileekin lankidetzan.

Eta konpromiso horietan oinarrituta, hurrengo ekintza hauek proposatu ditu:

  • Neskei eta nerabeei zuzendutako ahalduntze-programak bultzatzea; sexualitatea, bikote-harremanak, maitasun erromantikoa, autodefentsa feminista… landuz.
  • Mutiko eta mutilei zuzendutako esku-hartzeak abian jartzea, afektibitatea, harreman-ereduak, maskulinitate-ereduak edo rol sexistak eta parekidetasuna gainditzeko estrategiak lantzeko.
  • Indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea, indarkeria matxista mota berri horiei ere aurre eginez.

Azkenik, herritarrei gogorarazi die indarkeriaren biktimei laguntzeko baliabideen sarea dagoela; besteak beste, SATEVI (900 840 111) emakumeentzat, eta ZEUK ESAN (116 111) haurrentzat eta nerabeentzat. Era berean, deia egin diete lezamarrei azaroaren 25ean, 13:00etan, Hilari Astorki plazan egingo den mobilizazioarekin bat egin dezaten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).