Lezamako Udalak 2024ko aurrekontuak onartu ditu %11,4ko hazkundearekin

Aikor aldizkaria 2024ko urt. 3a, 12:43

Lezamako Udalak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, 2024ko aurrekontuak onartu zituzten azaroaren 15ean egindako Osoko Bilkuran. Zehatz-mehatz, 3.358.736,29 euroko aurrekontuak onartu ziren, eta  %11,4ko igoera izan da iazko aurrekontuekin alderatuta. Hazkunde hori, gehienbat, diru-sarrera zuzen (+%116,67) eta ondare-sarreren (+%166,09) areagotzean oinarritzen da.

Guztira, gobernu-taldeak 317.700 euro bideratuko ditu Lezama eta herritarren bizitza-kalitatea hobetuko dituzten proiektuak egiteko inbertsioetara. Hasteko, 84.700 euro erabiliko ditu Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria egiteko. Inbertsio nabarmenenekin jarraituz, Udalak Mikel Zarate plazaren ingurua (114.300 euro) eta Kurtzea eta Iberre auzoetako espaloien irisgarritasuna (78.000 euro) hobetuko ditu.

Alde batetik, gobernu-taldeak % 6,99 handituko du subentzioetara bideratutako kantitatea, 170.010 eurotara helduta. Besteak beste, 134.210 euro banatuko dira herriko elkarteen artean, 8.000 euro bideratuko dira Txorierriko kiroldegietan abonatuentzako diru-laguntzetarako, 2.500 euro putzu septikoen garbiketak subentzionatzeko eta 3.000 euro Mikel Zarate Literatura Sarirako.

Era berean, Udalak Txorierriko Zerbitzu Mankomunitaterako ekarpena %6,13 handituko du, berebiziko garrantzia duten zerbitzuak hobetu eta bermatzeko, esate baterako, kaleko argiztapen eta garbiketa, euskara, gizarte-zerbitzuak… Bestalde, 75.000 euro bideratuko ditu gizarte- eta kultura-ekitaldiak antolatzeko eta UDA Programarako, 84.284,83 euro udal-ekipamenduetarako (Gaztegunea, Gaztelekua eta Ludoteka), 31.460 euro Udal Liburutegiko zerbitzurako, 70.000 euro ikastaroen antolaketarako eta 12.000 euro Berdintasun arlorako, batzuk aipatzearren.

2024ko aurrekontu parte-hartzaileei dagokienez, biztanleriak bere ideiak helarazten jarraitu ahalko du, izan ere, Udalak 90.000 euro gorde ditu lezamarrek proposatu dituzten ekarpenak helarazteko parte-hartze prozesu bat antolatzeko eta haien exekuzioa definitzeko.

“Aurrekontu handinahiak, fidagarriak eta arduratsuak diseinatu ditugu. Azken urteetako proiektuen gauzatze-ildoarekin jarraituko dugu, eta inor atzean utzi gabe egingo dugu. Udalerri gisa hazten jarraitu nahi dugu, eta gure bizilagunen eskutik egin nahi dugu”, azaldu du Jon Ander Aurrekoetxeak, Lezamako alkateak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).