Parte hartzeko aurrekontuen diru-partida handituko du Lezamak

Aikor aldizkaria 2024ko ots. 15a, 11:57

Parte hartzeko aurrekontuen bigarren fasea amaituta, Lezamako Udalak gizarte-sareetan zabaldutako txosten batean eman ditu ezagutzera botazioen emaitzak. Lezamarrek 13 egitasmo zituzten aukeran, eta Lezamako Udalak 90.000 euroko diru-partida gordeta zuen proiektuak gauzatzeko. Hala ere, txostenean bertan azaldu moduan, udalak diru-partida handituko du boto gehien jaso duten zazpi egitasmoak gauzatu ahal izateko, “eta horrela Lezamako herritarren lehentasunei erantzuna eman ahal izateko”. Zehatz-mehatz, 8.100 euro gehiago zuzenduko ditu proiektuetara.

Egitasmoak hurrengo hauek dira: eserlekuak ipintzea udalerriko hainbat tokitan (7.100 euro); tren-geltokira igotzeko biribilgunean zebra-bidea jartzea (15.000 euro); oinezkoentzako pasabideen ikuspena hobetzea Athleticen errepide orokorraren eta instalazioen arteko elkargunean, eta sagardotegirako eta Goikobarrio alderako bideko argiak hobetzea (15.000 euro); Enaitz tabernatik ludotekara zebra-bidea jartzea (4.000 euro); saski batzuk gehitzea Gurutzeko futbol-zelaian (6.000 euro); Pumptrackean argiak ipintzea (21.000 euro); eta bidegurutzeetan kartelak jartzea auzoen izenekin eta etxebizitzen zenbakiekin (30.000 euro).

Bestalde, udalak 217 galdetegi jaso ditu, baina haietako hiru baztertu dituzte, “partaidetza-arauak ez betetzeagatik”. Parte-hartzaileen % 54 emakumeak izan dira, eta 41 urtetik 60 urtera bitarteko herritarrek izan dute parte-hartzerik handiena: % 44. Azkenik, jasotako galdetegien % 71,5 gaztelaniaz bete dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).