Haritzak Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza sustatzeko Sailak eman zituen Haritz Programaren baitan. Programak bertoko zuhaitzak landatzea du helburu, eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin batera finantzatzen da. Gainerako zuhaitzak Lezamako Udalak erosi zituen mintegi espezializatuetan.
Beste aldetik, udalak herriko gune batzuetan ere zuhaitzak landatu ditu. Horrela, 36 zuhaitz landatu ditu Goitioltzako txokoaren aurreko zelaian: gaztainondo indiarrak, ezkiak, astigar sikomoroak, masustondoak, sahats zuriak eta negartiak eta lizarrak. “Leku horretan ospatzen dira auzoko jaiak, eta itzalpean egon ahalko da egun eguzkitsuenetan”. Era berean, zortzi haltza eta zortzi masustondo landatu dira eskolaren atzealdean, “Umeentzat Lanean guraso-elkartearen eskaerari erantzuna emanda”.
“Ingurunearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa da udal-kudeaketaren ardatzetako bat, eta hainbat urtetik hona gabiltza horien alde lanean. Lezamarren bizi-kalitatea hobetzea ere gure lehentasunetako bat da, eta horregatik uste dugu euren eskaerei erantzuna eman behar diegula”, adierazi du Jon Ander Aurrekoetxeak Lezamako alkateak.