Gaizka Sáez Valentziara joan diren zazpi lagunetako bat da, eta berarekin hitz egiteko aukera izan dugu etxera itzultzen dabiltzala. Kontatu digunez, eguaztenean atera ziren Lezamatik, goizaldeko 5etan, eta goizeko 10etan bazeuden Valentzian. Furgonetetan eramandakoa herritarren artean banatzeaz gainera, elizetan eta eskoletan ere utzi dute materiala, eta suhiltzaileei eta poliziei ere eman diete. Garbitze-lanetan ere lagundu dute. Paiporten oso egoera atsekabegarria topatu dutela kontatu digu, dena lokatzaz eta zikinkeriaz beteta dago eta. Den-dena galdu duten lagunekin ere topatu dira Valentzian. “Batzuek ibilgailua edo ibilgailuak galdu dituzte, eta beste batzuek etxean zuten guztia. Adibidez, etxe batzuk garbitzen laguntzen ibili gara, eta hutsik gelditu dira, ezer ez barruan… Edo ibilgailu batek hormaren kontra egin, eta hura bota… Lana ere galdu dute batzuek”. Era berean, egoera kontrajarriak ere topatu dituzte, esaterako, herri berean ondasun guztiak galdu dituena eta, bestalde, zorte hobea izan duena eta bere bizitzarekin jarraitzen duena.
Baina batez ere solidaritatea topatu dute Valentzian, haiek bezala, Estatutako hainbat herritatik DANAk suntsitutako herrietara hurbildu direnak laguntzera. Hainbat autonomia-erkidetako poliziak eta suhiltzaileak ere ikusi dituzte lanean. Baita otorduak edota kafea prestatzen dituzten boluntarioak eta DANAk kaltetutako herritarrak ere. Bakoitzak ahal duen neurrian ipintzen du bere aletxoa, eta Saézen ustez, beharrezkoa da laguntza- eta garbitze-lan horiek guztiak antolatzea, eraginkorragoak izan daitezen.
Beste aldetik, esker ona ere topatu dutela kontatu digu, eta jendea oso eskertuta eta hunkituta dagoela jasotzen dabiltzan solidaritatearekin eta laguntzarekin. Bien bitartean, herrietan materiala biltzen jarraitzen da Valentziara bidaltzeko. Sáezek adierazi duenez, momentu honetan behar dituzte botak, frontalak, garbitze-produktu lejiadunak eta dirua, eta eskatu du hori kontuan hartzeko dohaintzak egiteko orduan. Horrezaz gainera, garbitze-makina handiak behar dira lokatza kentzeko eta kaleak garbitzeko. Valentziara joan den lezamarren taldean jatorriz Aldaia, Paiport eta Algemesiko hiru lagun izan dira.
Elkartasun-olatuak jarraitzen du Txorierrin
Uritarra Larrabetzuko futbol-klubak jakinarazi duenez, futbol-materiala bidaliko dio Massanassa futbol-klubari. “Talde horrek dena galdu du: zelaia, egoitza, material guztia… Hutsetik hasi behar dute. Klubak 18 talde ditu, guk bezala, eta ume piloa”. Besteak beste, baloiak, konoak, pikak, hesiak, porteria txikiak eta baloi medizinalak bidaltzeko asmoa dute, eta asteburuan tabernan eta sarreren eta zozketen salmentei bidez lortzen duten dirua materiala garraiatzeko erabiliko dute. Beste alde batetik, Derion eskola-materiala bilduko dute azaroaren 11tik abenduaren 4ra, Benetusserreko ikastetxera bidaltzeko. Eskola- eta musika-materialaz gainera, gorputz hezkuntzarako gauzak eta jantokiko tresnak ere jasoko dira. Dohaintzak eraman daitezke Irrintzi tabernara, eskolara, Marikobasora eta Izar fisioterapiara.
Derioko Udalak, bestalde, jakinarazi du 6.000 euroko dohaintza egingo duela, eta dirua Valentzian lanean dabiltzan irabazteko asmorik gabeko elkarteei emango dietela. Era berean, kontu-zenbaki bat ireki du, nahi duenak diru-ekarpena egin dezan: ES07 2095 0126 2091 24625759. Halaber, Lezamako Udalak ezagutzera eman du datorren astean ere materiala jasotzen jarraituko dutela: astelehenean, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta asteartean, 09:00etatik 14:00etara. Azkenik, atzo kamioi bat irten zen Zamudiotik Valentziara, zamudioztarrek DANAk kaltetutako pertsonei laguntzeko emandako elikagai eta funtsezko produktuekin.