Itziar Yánez da ikuskizunaren zuzendaria. Azaldu duenez, “istorio hunkigarria da, guztioi gertatu edota gertatzen zaiguna”. Bigarren aldia da antzezten dutena, ekainean leku berean estrainatu zuten eta. “Oso arrakastatsua izan zen. Aretoa leporaino bete zen, eta pertsona batzuk kanpoan gelditu ziren. Bigarren emanaldia egiteko eskatu ziguten, eta espero dugu hori ere oso arrakastatsua izatea”. Ikuskizunak antzerkia eta dantza uztartzen dituen arren, bigarrenak du pisu handiena. “Azken batean, egitasmoa Lezamako Udalak antolatzen duen dantza-ikastarotik irten zen. Ni naiz irakaslea. Zehatz-mehatz, areto-dantzak eta sevillanak irakasten ditut, baina gustatzen zait nire konfort-eremutik atera eta erronka berriei heltzea –egia esan, ikuskizunean dantza modernoa da nagusi– . Hortaz, ikasleei proposatu nien egitasmoan parte hartzea, eta haiek ere esperimentatzeko arazorik ez dutenez, baietz erantzun zuten”.
Taldea 40 urtetik 50 urtera bitarteko bederatzi emakumek osatzen dute, Yánez barne. “Guztiok gara oso animatuak eta dantza egitea gustatzen zaigu. Are gehiago, batzuk ohartu dira antzerkigintzan ere ondo moldatzen direla, nahiz eta beste batzuk hain eroso sentitzen ez diren. Dena dela, oreka topatzen ahalegindu gara, eta, antzezpenari dagokionez, gusturago daudenek paper handiagoa dute”. Sarrerak zortzi euroan ipini dituzte salgai. Erosteko, telefono-zenbaki hauetako batera deitu behar da: 695 785 491 eta 617 912 766.