Saria Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatu dute 15. aldiz, eta, jakinarazi dutenez, aurtengo ediziora zazpi lan aurkeztu dira, eta horien artean Mitxelenak idatzitako kontakizuna hautatu du epaimahaiak. “Benetako zirkua eleberri labur bat da, herri txiki batera zirku italiar bat iritsiko dela-eta, bertako haur-talde batengan piztutako sentimenduak eta biziko dituzten abenturak kontatuko dituena, samurtasunez, umorez eta kritika sozial ukitu batzuekin”.
Karmele Mitxelena Etxebeste 1988an jaio zen Oiartzunen. Sari ugari irabazitakoa da, bai bertso idatzietan bai literaturan, haurrentzako nahiz helduentzako narratiban. Marrubizko uda lanaz gainera, bere liburuen artean aipa litezke Haragizko mamuak (ipuin bildumen Kutxa saria, 2022) eta Zoriona edo antzeko zerbait (Augustin Zubikarai saria 2024 eta urte bereko narratiba lan onenaren Kritika Saria).