Marokoko basamortutik 2 mila kilometro zeharkatuko dituzte bi lezamarrek ELAren aurkako borrokaren alde

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 22a, 13:53

Guillermo Jauregui

Guillermo Jaureguik eta Igor Salazarrek ‘XXV. Raid Clásicos del Atlas’ lasterketan parte hartuko dute gaixotasun honi ikusgarritasuna emateko, eta gaixotasuna pairatzen dutenentzat dirua biltzeko.

Azaroaren 28tik abenduaren 6ra arte Guillermo Jauregui eta Igor Salazar lezamarrek ‘XXV. Raid Clásicos del Atlas’ lasterketan parte hartuko dute bigarrenez, baina aurten helburu zehatz batekin: alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) ezagutzera emateko eta gaixotasuna pairatzen dutenentzat dirua biltzeko.

“Biok dugu beste lagun bat, Oskar Argintxona, gaixotasuna duena; orain dela urtebete diagnostikoa eman zioten, eta erabaki genuen horrela lagundu nahi geniola”. azaltzen du Jaureguik. Horregatik ADELA Bizkaia elkartearekin harremanetan jarri ziren autoan eramango duten publizitatearen dirua eskaintzeko.

Guztira 4 mila kilometro igaroko dituzte beren Mitsubishi Montero 4x4 ibilgailuarekin: mila kilometro Marokora heltzeko, 2.100 km lasterketan, eta beste mila etxera itzultzeko. Parte hartzeko bi mila euro oraindu behar izan dituzte; halere, argi utzi dute bildutakoa ez da erabiliko haien izango dituzten gastuak ordaintzeko, dena ELAren aurkako borrokara bideratuko da.

Lasterketak ez ditu saririk ematen, baina 50 parte hartzaileri dominak ematen dizkio eta lehenengo hiruri garaikurrak; dena den haiek ez dute irabazteko helbururik: “ELA gaixotasuna ikusarazi nahi dugu eta ADELA elkartearentzat diru bildu; adibidez, oporrak eta gero inguruko enpresetara hurbilduko gara  proiketua aurkezteko, eta modu pertsonalean ondo pasatu nahi dugu, azken finean abentura baita”.

Laguntzeko aukera
ADELA elkarteari laguntza emateko telefono zenbaki hauek martxan daude:  944 23 73 73 edo 747 43 97 85, baita bizkaia@adelaeuskalherria.com helbide elektronikoa ere. Dirua emateko kontu korrontea erabil daiteke ES34 2100 4952 1222 0003 7309 edo Bizum bitartez 03338 zenbakira bidali daiteke dirua. Gainera, Jaureguik aurreratu duenez, Lezamako dendariek bere komertzioetan martxan jarriko dute diru bilketa bat.