Kurtzeko jaien hasiera gaur Lezaman

Aikor aldizkaria 2025ko ira. 12a, 14:17

Gaur Lezamako Kurtzeko jaiak hasiko dira. 18:30etan umeentzako puzgarriak izango dira, eta 20:00etan txupinazoa. Honen ondoren, auzoko tabernetan odolosteak egongo dira eskuragai, eta MUSIKA TXOROAK taldeak alaituko du dastaketa. 23:00etan, erromeria izango da, JOTAKE taldearen eskutik.

Bihar tortilla eta sukalki txapelketak nabarmentzen dira. Parte-hartzaileek izena eman beharko dute 11:00ak eta 12:00ak artean, eta haien proposamenak 14:00etan aurkeztu. Honez gain, goizean umeentzako ur-puzgarriak eta VI. Kurtzeko MTB-Gaztetxo martxa izango dira. Eguerdian, Lezamako Areto Dantza Taldeak areto dantzen erakustaldia eskainiko du. Arratsaldean magoa, giza futbolina, herri bingoa eta Tolin mariatxia izango dira. 20:00etan Fruiztariak taldeak kontzertua eskainiko du, eta hura ikusi bitartean bokatak jan ahal izango dira, 1€-ren truke. Gauean, sorgina erreko da 22:30etan, eta 23:00etan hasiko da Broken Izotz-en kontzertua.

Igandean, meza aurretik euskal dantzak izango dira Kurutze dantza taldearen eskutik, eta meza ondoren luntxa, MUSIKA TXOROAK taldeak berriro ere alaituko duena. Arratsaldean, III. Mikel Llodioren Memoriala Lauko Txapelketa ospatuko da La Merced, Umore Ona, Urretxindorra eta Lezama Sport-en artean. Azken honek antolatzen du txapelketa. Jaiei astelehenean emango zaie itxiera mezarekin, 12:30etan izango dena.

Kurtzeko MTB-Gaztetxo martxa larunbatean
Aipatu bezala, larunbatean goizeko 10:30etan VI. Kurtzeko MTB-Gaztetxo martxa ospatuko da, ZORRIBIKE Lezamako Txirrindulari Taldeak antolatzen duena. 8km-ko luzera izango du, eta 8 eta 14 urte bitartekoek parte har dezakete. Kurtzeko ermitan hasiko da martxa eta gehienez 45 partehartzaile izango ditu. Kaskoa eta bizikleta beharrezkoak dira parte hartu ahal izateko.