Garaipenaren inguruan galdetuta, Ortiz de Andak dio dena “ezin hobe” joan zela, “topera baina kontrolatzen”, ibilbidearen luzera kontuan hartuta, baina “apur bat arriskatzen” ere. 66. kilometrora arte “oso gustora” joan zela dio, baina hortik aurrera sufritzen hasi zela: deshidratazioa, eguzkia atera izana, nekea… Hala ere, lehen postuari eutsi zion eta irabaztea lortu zuen. Garaipenarengatik “pozik” egoteaz gain, taldekide, lagun eta bikotearekin partekatu ahal izateagatik ere “pozik” dagoela dio, “ordu asko direnez edozein laguntza eskertzen da, eta haiek bertan egon ziren, asko nabaritzen da”.