Lezamako Udalak herritarrek utzitako txakurren gorotzen pilaketa salatu du

Aikor aldizkaria 2025ko urr. 27a, 13:50

Azkenaldian, Lezamako hainbat kale, parke eta lorategietan txakurren gorotzak pilatu egin direla dio Udalak. Hori dela eta, Udalak “herritarren erantzukizunari eta jarrera zibikoari dei” egin nahi izan dio, “garbitasun falta” honi aurre egiteko. 

Bertan, Udalak azaltzen du azken asteetan udal lorezaintza zerbitzuak bere “haserrea” adierazi duela “egunero”. “Ezin dugu guneak behar bezala garbi eta txukun mantendu etengabe gorotzak saihestu behar baditugu. Batzuetan, eskokatzeko makina pasatzean edo mantentze lanak egitean zikindu egiten gara, eta horrek arropa hainbat aldiz aldatu behar izatera behartzen gaitu egunean zehar”, azaldu dute lorezainek. Udalak gehitu du ez diola soilik udalerriaren irudiari eta garbitasunari eragiten, baita “espazio publikoen mantentze lanak egiten dituzten langileen osasun-, higiene- eta lan-segurtasun baldintzei” ere.

Gainera, kasu batzuetan gorotzak dituzten poltsak aurkitu izan direla belardian edo heskai ondoan zehaztu du Udalak, “arazoa are gehiago larrituz”. Jon Ander Aurrekoetxea alkateak jokabide hauek salatu ditu: “Lezama ingurune atsegin eta zaindua da, guztion ahaleginari esker. Ezin dugu onartu gutxi batzuek, jarrera zibiko faltagatik, gure espazio komunak hondatzea”. Horregatik maskoten jabeen erantzukizunari egin die dei, haien txakurren gorotzak jaso eta horretarako jarritako paperontzi eta edukiontziak erabiltzeko. Izan ere, jokabide hauek zigorrak ekar ditzake, gainerako bizilagunekiko errespetu falta izateaz gain.