Belaunaldi arteko Eguna domekan Lezaman

Aikor aldizkaria 2025eko abenduaren 9a

Domekan, abenduaren 14an, Belaunaldi arteko Eguna ospatuko da Lezaman, belaunaldi ezberdinak gehiago elkartzeko helburuarekin. Lezamako Umeen Kontseiluak umeei galdetegi bat eman zien udaberrian amama-aititekin hitz egiteko eta haien haurtzaroari buruz galdetzeko. Azkenik, “Nirekin zer egin nahi zenuke?” galdera egiten zioten, eta jasotako erantzunen arabera, LEUKOk “Lezaman egiteko moduko jarduera mapa bat” osatu zuen. 

Jon Ander Aurrekoetxea alkatearekin elkartu ondoren, domekarako egitaraua antolatu dute. Lehenik eta behin, eguerdiko 12:00etan, Lezamako Antzinako Historiak jasoko dituzte herriko adintsuengandik eta argazki zaharrak ikusiko dituzte Kultur Aretoan. Ondoren, 12:30etan, Betiko Jokoetan jolastuko dute Aretoan bertan zein kalean. Horrela, nagusiagoak zein umeak sokasaltoan, kromoetan, kartetan eta bestelakoetan arituko dira. Bukatzeko, 13:00etan, talo tailerra egingo dute plazan, “elkarrekin eskuak zikindu eta jateko goxoak egiteko”.