GUTUNA

Belaunaldi Arteko Eguna lehenengoz ospatu da Lezaman

Peru Calabaza 2025eko abenduaren 16a

Nolakoa zen Lezama herria orain dela 50-60 urte? Nola bizi ziren XX. mende erdialdean hain ondo ezagutzen ditugun kale hauetan bizi zirenak? Zein ospakizun egiten zituzten? Zertan jolasten zuten garai haietako umeek?

Abenduaren 14an, igande eguerdiz, LEUKO-Lezamako Umeen Kontseiluak proposatu eta antolatuta, ANTZINA EZAGUTU Belaunaldi Arteko Eguna ospatu genuen giro paregabean Lezaman.

Hasteko, Lezamako Antzinako Historiak jasoko genituen herriko adintsuengandik eta argazki zaharrak ikusi genituen Kultur Aretoan. Batak zein besteak bere familiako pertsonak ezagutzen zituen paretan proiektatutako irudietan, eta umeen eta helduen harridura nabarmena zen kotxerik gabeko kale horiek eta antzinako ohiturak ikusterakoan.

Horrekin batera, betiko jokoetan aritzeko aukera sortu genuen; bai, belaunaldiz belaunaldi transmititu izan diren joko guzti horiek, eta hain justu gaurko umeek ezagutzen ez dituztenak: trukemea, iturriak, tabak, tronpoa, diaboloa, kromoak... Bada, ospakizun honetan, seguruenik teknologien eraginez transmisioan gertatu den haustura hori osatzen pausu txiki bat egin genuen, eta gustura asko aritu ginen ume eta nagusiak elkarrekin jolasten! Aste honetatik aurrera betiko jokoetarako erositako material hauek (tronpoak, diaboloak, tabak) Gaztegunean egongo dira umeek jolasteko.

Jaiaren hirugarren hanka talo tailerra izan zen. Bertan ibili ginen eskuak zikintzen eta gero talo goxoak eguzkipean dastatzen musika atseginarekin... Eskerrik asko bertan parte hartu zenuten guztiei LEUKOkoen partez, igande ederra izan zen!

Asko esaten dugu belaunaldi bakoitza bere aldetik dabilela, ume txikiak ume txikiekin, ertainak ertainekin, gazteak gazteekin, helduak helduekin, adintsuenak ere berdin... eta gehiago elkartu gintezkeela elkarrekin gauzak egitera edo besterik gabe egotera. Bada, umeei amama-aititei buruz galdetu eta aurpegia maitasunez pizten zaie, asko gustatzen zaie haiekin egotea! Egin ditzagun halako ekitaldi gehiago!

Peru Calabaza

---
* LEUKO edo Lezamako Umeen Kontseilua Alkatearekin batera Lezamarentzako lan egiten duen 9 eta 12 urte bitarteko umeen lantalde bat da. Ordezkaritzaren zamarik gabe, Alkatearekin biltzen dira ume hauek hilean behin herrigintzan aritzera. Umeen partaidetza politikorako lantalde honek umeen begirada ekartzen dio Jon Ander Aurrekoetxea alkateari, bere zeregina aberastuz.