Domeka da Valdezcaray eski geltokira joateko irteeran izena emateko azken eguna

Mikel Reina Barros 2026ko urtarrilaren 27a

Lezamako Gaztelekuak Valdezcaray eski geltokira gazteentzako irteera antolatu du otsailaren 16an, astelehena. 07:00etan aterako dira eta 18:30erako itzuliko dira.  Parte hartu nahi duten Gaztelekuko 13 eta 18 urte bitarteko gazteek domeka, otsailak 1, dute izena emateko azken eguna, 20:00ak baino lehen.

Interesa dutenek inprimakia bete behar dute. Lezaman erroldatutakoek 30 euro ordaindu behar dituzte. Prezioan sartzen da forfait-a eta autobuseko garraioa. “Behin estazioan, ez da egongo eskia edo snowboard irakasteko arduradunik. Hala ere, eskiatzen ez dakiten pertsonentzat, estazioak hasiberrientzako pista erraza dauka, eta bertan modu autonomoan praktikatu eta ikasteko aukera izango dute”, azaldu dute.

Gutxienez hamar lagunek eman behar dute izena irteera aurrera eramateko, eta gehienez 50 pertsona. Nabarmendu dute ez dutela epez kanpoko izen ematerik onartu eta irteera baldintza metereologikoen mende egongo dela. Informazio gehiagorako, lezamagazteleku@gmail.com posta elektronikora idaztea eskatu dute.