Lezamako 66. eskupilota txapelketan “final irekiak” aurreikusten dituzte

Mikel Reina Barros 2026ko otsailaren 19a

Barikuan, otsailak 20, jokatuko dituzte Lezama eskualdeko 66. eskupilota txapelketako finalak. 19:00etan hasiko da jaialdia eta ETB4-n domeka, otsailak 22, eguerdian emitituko dute.

Lezamako Pelota Klubak antolatzen duen txapelketa Euskal Herriko zaharrenetarikoa eta “ospe handikoenetarikoa”  da pilotarien artean. Taldeko askotako pilotariek parte hartzen dute, 64 guztira: gazteetan eta nagusietan hamaseina bikote daude. Aurtengo onenak erabakita daude, gazteetan Armaolea-Figueroa bikoteak Izagirre-Ormaetxearen aurka jokatuko du eta nagusietan Hormaetxe eta Elorzek Labaka-Sotil bikotearen kontra.

Txapelketaren historia luzean lehen aldiz pilota eskola bereko lau pilotarik jokatu dute gazteen finala. Hain zuzen ere, Lazkaoko Lapke klubekoak dira guztiak. Horregatik, “final berdindua” aurreikusten dute: “Elkarrekin entrenatzera eta jokatzera ohituta dauden pilotariak dira, beraz, oso ondo elkar ezagutzen dute”.

Nagusien mailan ere ez dago faborito argirik. Zelan ez, Lezamako Pelota Klubetik “oso pozik” agertu dira Oier Hormaetxe etxeko semea finalera heldu delako. Iaz ere finalera iritsi zen, baina ezin izan zuen txapela jantzi. “Aukerak izango dituzte oso maila altuan jokatzen ari direlako, baina aurkariek ere kalitate handia daukate, Labaka afizionatuetako aurrelari onenetakoa da”.

Oro har, eta finalen aurretik, txapelketaren balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek. 15 jaialdietan egondako “maila altua” nabarmendu dute. “Pilota eskoletan lan bikaina egiten ari dira, harrobia zaintzen ari dira, orain Gipuzkoan daude pilotari gehien ateratzen profesionaletara”.