Nondik datorkizu musikarekiko eta kantugintzarekiko pasio hori?
Etxetik. Gurean asko kantatu izan da beti, amaren zein aitaren aldetik. Gainera, biak ala biak beti ibili dira euskararen, ikastolaren edota euskal kulturaren inguruan. Beraz, nire ingurua beti izan da horrelakoa. Txikitatik kantatzen genuen gurasoekin, bost neba-arreba gara eta domekero mendira joaten ginenean, abesten joaten ginen beti.
Bakarrik gutxi batzuek lortzen dutena lortu duzu: afizioa ofizio bilakatzea.
Nire bizitza da. Ni kantua eta kantugintza naiz. Askotan pentsatu izan dut: badirudi nonbait idatzita zegoela kantugintzaren munduan bizi behar nuela. Denak eraman izan nau kantuaren mundura, beti izan dut bidelagun.

Ibilbide luzea daukazu, zer gogoratzen duzu mugarri bezala?
Derion, Labayru Fundazioko udako ikastaroak egiten nituen, eta bertako giro euskalduna gogoratzen dut. 15 egunez elkartzen ginen bertan, gai asko jorratzen genituen, adibidez, dialektologia. Horrela, euskalkien munduan murgiltzen hasi nintzen apurka-apurka. Umetan ere askotan joaten ginen Iparraldera, gurasoek lagunak zituzten bertan, beraz, ohituta nengoen bestelako euskalkiak entzutera. Gainera, udako ikastaroetako bost mailak amaitu nituenean, gaztetxoentzako ikastaro batzuk antolatzen hasi ziren eta kantuaren inguruko tailerra egitea proposatu zidaten. Nire kezka nagusienetakoa betidanik izan da belaunaldien arteko transmisioa, eta nik bide horretako bitartekari izan nahi nuen.
Nire hurreko inguruan ume txikien irakasleak nituen: nire ahizpetako bi eta lehengusinak. Sarri esaten zidaten ez zegoela materialik, eta, halako batean, Labayruko Adolfo Arejitari esan nion: “Tradizioko ume kantuen inguruko materialen bat argitaratu beharko genuke, eta herriarena dena berriro ere herriari itzuli”. Euskara batuaren aldeko egoera hartan, bizkaierak ez zeukan indar handirik eta gehiena batuan argitaratzen zen. Edukia eta materiala bazegoen; baina transmisioa egin beharra zegoen gauza ederrak baikenituen. Buru-belarri jarri ginen horretan, eta eskuartean genuen kantu sorta ikusita, berehala jarri zituen Labayruk proiektua aurrera eraman ahal izateko baliabideak: diru laguntzak eskatu, Ikastolen Elkartearekin harremanetan jarri… Hortik atera zen ‘Katuen testamentue’, pila bat ikasi nuen prozesu horretan. Denetarik ukitu eta xurgatu nuen, Labayruko artxiboetatik hasi, bestelako materialera joanez eta landa eremura arte helduz. Geroago, Labayruren eskutik, hainbat ikastaro eman nituen euskal lurraldeetako herri askotan. Ostean, Udako Euskal Uniber- tsitatetik ere deitu zidaten haurreskoletako hezitzaileentzat haurren kantuen ingurukoak azaltzeko. Hainbat urte eman nituen horrela; niretik eman egiten nuen, baina jaso ere, asko jasotzen nuen. Ikaragarri ikasi nuen ibilbide horretan guztian.
Hainbat proiektutan aritu zara, agian entzutetsuenetako bat ‘Katuen testamentue’ izan daiteke.
Asko ikasi nuen, eta gustura gainera. Hasieran kosta egin zen proiektuan sinestea, baina aurrera atera genuen. Eskertuta nago Labayruk konfiantza osoa jarri zuelako gugan eta materiala gure esku jarri izanagatik.
Txorierri eskualdera are gehiago hurbilduz, ‘Haran handiaren doinuak’ proiektuan ere parte hartu zenuen.
Alberto de Abajo ‘Zoro’ larrabetzuarrak deitu zidan Erandioko kantu zaharrak biltzeko eta aukeraketa bat egiteko. Proiektu berria izan zen niretzat, baina hemen ere sano gustura aritu nintzen.
Gaur egunera gehiago hurbilduz, lehendabiziko Loraldia Eskolako irakasleetako bat izan zinen, Lekeition.
Egun oso politak izan ziren, hainbat diziplina lantzen ziren eta ni kantugintzaren ingurukoak azaldu nituen. Patxo Telleriak, Iratxe Fresnedak edota Ander Lipusek ere parte hartu zuten lehen urte hartan. Ikasleak 18 eta 25 urte bitartekoak izan ziren eta barruan zuten kultura egarri itzela hasieratik nabaritu nuen. Azken batean, horrelako ikastaroetara gustuko duenak baino ez du izena ematen, baina hala ere, harritu ninduen gazteen jarrerak: jakin-min ikaragarria zuten. Gogoan daukat ordu askoko ikastaroa izan zela, eta hala ere oraindik gehiago nahi zutela. Lehen aipatutako transmisioaren garrantziari erreparatuta, asko poztu ninduen parte-hartzaileen jarrera bikainak eta gogo handiak. Poztekoa da horrelako proiektuak oraindik ere aurrera eramaten jarraitzen dutela, eta asko pozten naiz lehen urte horretarako deitu zidatelako.
Gelditu barik zaude, eta orain, ‘Musikaren giltzak’ liburua aurkeztu duzu.
Liburua ere aspaldiko jardunaldi batzuetatik dator. Donostiako Miramar Jauregiko musikari buruzko jardunaldi batzuetako Marie Hirigoyen Bidarten hitzaldia entzun nahi nuen, izena eman eta bertara joan nintzen. Jende asko egon zen, eta, hitzaldia amaitu eta gero, gaueko ordu txikietara arte geratu nintzen berarekin hitz egiten. Elkarri esan genion “harreman hau ezin dugu hemen utzi”. Ordutik harremana mantendu dugu kantua eta musika ardatz hartuta, eta horrela liburura arte iritsi gara. Gugaz batera, Pantxix Bidart Pla musikaria eta Asisko Urmeneta ilustratzailea izan dira. Urteetan asko hitz egin dugu gure kanturako zaletasunaz. Musika metodo bat egiteko gogoa zuen Hirigoyenek, umeei modu erakargarriagoan irakasteko metodoa. Nik Euskal Herriko kantuetan oinarritutako metodoa izan beharko zuela gehitu nion. Euskal tradizioak baditu kantu asko musikaren irakaskuntzarako oso erabilgarriak. ‘Katuen testamentue’ egiten geundenean, Kodaly Institutuko irakasle bat etorri zen gure proiektuaren berri izatera. Berak esan zigun bazirudiela musika irakasteko metodo perfektu bat geneukala esku artean. Kodaly metodoak notak pixkanaka sartzen ditu eta harrituta geratu zen euskal kantugintzan nota kopuru desberdinetako kantuak ditugulako. Iltzatuta geratu zitzaidan haren iruzkina duela 35 urte. Orduan, Hirigoyenen proposamena izan nuenean argi izan nuen euskal tradizioko kantuekin osatu behar genuela metodoa. Garrantzitsua izan da guretzat gure herrietako kantuak eta gure tradizio kulturaleko kantuak sartzea. Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa Euroeskualdetik jaso dugu diru-laguntza, eta, egia esan, gehiago kostatu izan da diru laguntzak lortzea, kantuak biltzea baino.
Liburua erabilgarri eta ludikoa izatea nahi izan duzue. Zelan lortzen da hori?
Hirigoyenek hasieratik argi izan du zelan nahi zuen musika transmititu, urte askotan musika eskolak eman ditu, orain, adibidez, Baionako Maurice Ravel Kontserbatorioan dago irakasle. Beraz, esperientzia handia dauka musikaren irakaskuntzan eta nik ere nirea partekatzen nion herri musikaren ikuspegitik. Ikusten genuen zerbait erraza sortzeko beharrizana zegoela, ikasteko eta irakasteko, umeek ia konturatu barik ikas dezaten. Esate baterako, metodoan Lego bezalako jokoa erabili izan da oso bisuala delako.

Durangoko Azokan aurkeztu zenuten, zelangoa izan da harrera?
Oso ondo jaso izan du jendeak. Egia da batez ere irakasleei zuzendutako liburua dela, baina edonork erabili dezake. Hala ere, harrera oso ona izan du.
Behin eta berriro aipatu duzu transmisioaren garrantzia, zelan ikusten duzu gaur egun kantugintza?
Ez da erantzun erraza. Denetarik ikusi izan dut. Senarrak esaten dit burbuila baten bizi izan naizela, beti giro oso euskaldunean murgilduta egon naizelako. Etxean euskara eta euskal kultura bizi dut, berton ekoizten denaren kontsumitzaileak gara. Errealitate oso desberdinak izan daitezke gure herrietan. Bi mundu paralelotan bizi gara, eta zaila da askotan bi munduak batzea. Nire hurreko inguruan bai ikusten dut transmisioa, eta azkenaldian sentsazioa daukat gero eta gehiago dagoela. Ez dakit benetan pentsatzen dudan edo pentsatu nahi dudan. Gazteengan grina eta nahia ikusten dut, Loraldian ere bizi izan nuena. Inguruak ere kontzienteago izatera behartzen gaitu; geureari eutsi behar diogu.
Adibide bat ematearren, Zetak taldeak estadioak betetzen ditu euskal kulturaren gorazarre bat eginez.
Dena dator ondo, denetarik behar da. Lan itzela dago euskal kulturaren alde. Aldi berean, deigarria da horrelako kontzertuetara zenbat jendek erantzuten duen, baina gero plaza txikiagoetan ez hainbestek. Hori da gure herriaren errealitatea. Badirudi Fomo sindromea daukagula, zerbait galtzeko beldurra. Era berean, horrelako makro kontzertuek bestelako euskal kulturako kontsumitzaileak erakartzen ditu, eta dena da beharrezko. Adibidez, irakasleentzako ikastaro asko eman ditut, eta, hasiera batean, ikas orduak osatzeko behartuta etortzen direnak gogoa eta nahia piztera igaro daitezke. Ezagutzak azkenean gehiago ezagutu nahi izatera eramaten zaitu. Baina egia da ez dugula txikitasunera mugatu behar, ahalik eta jende gehienera heltzea inportantea da.
Batez ere txikitako kantak atenporalak dira, hau da, behin ikasita ahazten ez dituzunak daude.
Bai, horrela ematen du eta, gainera, ikerketak egin izan dira horretaz. Adibide asko ikusi izan dut nire ikastaroetan. Esaterako, gogoratzen dut behin, horrelako saio batean, nire aitaren izeko batengandik ikasitako lo kanta bat ikasten genbiltzala, ikasleetako bat negarrez hasi zela. Kanta ezagutzen bazuen galdetu nion, eta ezetz, ez zuela inoiz entzun. Negar malkotan jarraitzen zuen, zeharo hunkituta. Asteburu horretan bertan, gure izekoa zendu egin zen, eta hiletan neska ikasle hori aurkitu nuen. Beranduago, aitak kontatu zidan neska horren ama lanera joaten zenean, gure izekoak zaintzen zuela besotako ume zela. Seguru lo kanta abesten ziola eta horregatik zerbait mugitu zitzaiola barruan. Ikertuta dago txikitan abestutako kanta bat 30 urteren ostean berriro entzutean zure gorputzak nabaritu egiten duela sentsazio hori; kantak duen boterea da! Musikak edo kantuak ahalmen ikaragarria du: sentsazioak eta sentimenduak sortzeaz gain, espazioan zein denboran bidaiatzeko ahalmena eskaintzen dizu.