Obren tarteak 250 metro inguruko luzera dauka; gaur egun, eremu antropizatuak edo estaliak daude, eta horien ahalmen hidraulikoa nahikoa ez dela diote. Horrela, lehendik dagoen lurpeko kanalizazioa kenduko dute, eta aire zabaleko ibilgu berri bat egingo dute, “ibai ekosistemaren funtzionamendua eta ibaiak herrigunean duen paisaia-integrazioa hobetuz”.
Proiektuak hurrengoko lanak ekarriko ditu: Ubidearen estaldura kentzea, Asua ibaiaren ardatzaren trazadura berria 59. eta 67. atarietarako sarbideen artean (Garaioltza auzoaren parean), tartearen ingurumen egokitzapena, ingurua berrurbanizatzea oinezkoentzat eta ibilgailuentzat, uraren eta ingurumenaren hobekuntza ibaian gora Garaioltza auzoraino eta ukitutako zerbitzuak berrezartzea.
Jarduera horri esker, "Lezamako herritarrek ibaiaren zati naturalizatuago bat berreskuratu ahal izango dute, ura husteko gaitasun handiagoarekin eta udalerriko hiri-bilbea hobeto integratuta", adierazi du Agentziako zuzendari nagusi Asier López Etxebarriak. Bestalde, Jon Ander Aurrekoetxeak alkateak erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritzari eta URAri proiektuan parte hartzeagatik. "Denbora daramagu elkarrekin lanean obra hauek aurrera ateratzeko, eta laster hasiko gara horien fruituak ikusten".