Lezamak lurzoru publikoaren erabilera lagapenerako hiru hitzarmen sinatu ditu

Mikel Reina Barros 2026ko maiatzaren 4a

Akordioek enpresa jarduera hobetzearekin lotutako hainbat beharrei erantzuteko aukera emango dute. Enpresek bere gain hartuko dituzte inbertsioak, mantentze lanak eta jarduketen ondoriozko kostu guztiak. 

Lezamako Udalak lurzoru publikoaren erabilera berezirako hiru lagapen hitzarmen sinatu ditu La Cruz industrialdeko hainbat enpresarekin, “euren jarduera hobetzearekin lotutako behar ezberdinei erantzuna emateko eta enpresa espazio honen funtzionaltasuna eta lehiakortasuna indartzen jarraitzeko”. 

Akordioak Totem Towerco Spain, Silicatos de Malpica eta Belgicats Internacional enpresekin sinatu dituzte. Aurreikusitako jarduketen artean daude kamioien zirkulazioa hobetzea enpresetako baten sarbideetan eta ibilgailu elektrikoentzako karga puntuen ezarpena, biak enpresen barne-erabilerarako. Horrez gain, telekomunikazio-azpiegituren instalazioa egingo da, 500 metro baino gehiagoko perimetro bati sare-zerbitzua emateko; bertan, auzoko 100 etxebizitza eta negozio baino gehiago kokatzen dira. Azpiegitura horrek lau operadore desberdinei zerbitzu emango die, baita industrialdeko enpresei ere. 

Hiru hitzarmenek guztira urtean 20.000 euroko ekarpen ekonomikoa ekarriko diote udalkutxari, eta kopuru hori urtero eguneratuko da KPIaren arabera. Akordio bakoitzak hasierako lau urteko iraupena izango du, eta beste lau urtez luzatzeko aukera egongo da, gehienez zortzi urteko irismenera iritsiz. 

Enpresek bere gain hartuko dituzte aurreikusitako jarduketak gauzatzeko beharrezko inbertsio guztiak, baita horien garapenarekin lotutako kostu guztiak ere, lizentziak, mantentze lanak, aseguruak eta instalazioen edo lagapenaren xede diren espazioen erabileratik erator daitezkeen konponketak barne.