Tomatea, baratzeko erregea

Mikel Reina Barros

(Aner Mentxaka Alvarez)

Ignacio Quintana San Miguel
Ba al dago baratzeko tomatea baino gauza hoberik? Janariari dagokionez, behintzat, agian ez. Soloko produktuen artean erregeak izan daitezke. Hori bera pentsatu omen zuen Ignacio Quintana San Miguelek. Baina lezamarrak pauso bat gehiago eman zuen, tomateak eduki bakarrik ez, asko eta askotarikoak landatzen ditu.

Baina ez hori bakarrik, sagarrondoak ere baditu, askotarikoak hauek ere, eta bere sagardo propioa ekoizten du. Hori gutxi ez, eta orain ogia egiten ere hasi da. Beste asko bezala, duela hiru urte jubilatu zenean hasi zen gehiago landa munduan sartzen. Azkenean, baratzek edo horrelakoek zerbait behar badute denbora da. “Nire lanean ordenagailuaren aurrean lan egiten nuen gehien bat, eta eskuekin landu beharreko zerbait nahi nuen, baita naturarekin harremanetan egon ere”. Hau da, bere ingeniari lanean pentsatzetik eta ideia izatetik, gauzatzera eta bizitzera eman nahi zuen aurrerapausoa.

Gainera, tomateen “maitaile sutsua” kontsideratu da betidanik: “Nire ustez, izaera berezia duen produktua da, supermerkatuetan aurkitzen ditugunekin konparaketa eginez gero, aldea izugarria da”. Horrez gain, naturarekiko konexio eta dependentzia hori ere bilatzen zuen. Erronka bat azken batean.

Hain zuzen ere, aurten 17 espezie landatu ditu, bertakoak gehienak, eta zaharrak, hau da, inolako mutaziorik ez dutenak. Urtero aldatzen joaten da batzuk. Zelan? Dastaketak egiten ditu lagunekin, mota desberdinetakoak probatzen dituzte eta bakoitzari puntuazio bat jartzen diote. 60 lagun inguru elkartzen ditu 7-8 dastaketa desberdinetan. Gero, dastaketa guztietako puntuazioak kontuan izanda, sailkapenaren behealdean geratzen direnak hurrengo urterako aldatzen ditu, eta bestelako espezie berriak jartzen ditu beraien ordez.

Erandiotik hasi, Aretxabalatik edo Tudelatik pasa, Kantabriara eta Estatu Batuetara arte dute jatorria bere tomateek. Mota askotakoak ditu, kolore, forma eta zapore desberdinetakoak. Hainbeste nabaritzen da batzuen eta besteen arteko aldea? “Hasieran, ezetz pentsatu daiteke, baina probatzen joaterakoan, bai nabaritzen direla bakoitzaren ezaugarriak”.

Espainiar Estatuko toki desberdinetatik lortzen ditu haziak, tomatearen inguruko ezagun sare handia dauka. “Hemen ere erronka handia daukat, Gaztela eta Leoneko tomate on batek agian ez duelako emaitza bera ematen, eguraldiagatik adibidez, hemen landatzerakoan”.

Bertoko haziak bailarako kooperatibetan lortzen ditu, Lezaman, Derion eta Loiun. Kanpokoak ezagunen bidez edota Internet bidez eskuratzen ditu. “Ni baino zoroago dauden asko daude hemetik kanpo. Kantabrian, adibidez, Belgikako ingeniari batek 3.000 tomate hazi lortu ditu. Harremanetan gaude eta Luey edota Cabanillas bezalako motatakoak landa- tzen ditu, oso gozoak ateratzen direlako”. Ezagun sare handia dauka eta haziak bakarrik ez, iritziak edota dastaketetako puntuazioak elkarbanatzen dituzte. Dena tomatearen mesedetan.

Tomatearengandik, eta orokorrean baratzetik, gehien erakartzen duena da ez dagoela formula matematiko eta magikorik. “Ez dago trikimailurik, denbora eskaini behar zaie, eta batez ere oso gainean egon”. Esate baterako, landatzerakoan, bai ureztatzen dituela gehiago, agian kantitate gutxiagoan, baina gero bozpasei egun ematen ditu ura bota barik. “Bestela tomateak ur gehiegi izan dezake, eta ondorioz, zapore gutxiago”.

Adituaren arabera, gakoetako bat da kontu handia izatea gaixotasunekin. Sustraietan izan dezakete Phytophthora izeneko onddoa, beste batek hostoak horixka jartzen ditu eta beste akaro batengatik enborra berdea izan ordez marroi kolorea hartzen du. “Horregatik da hain garrantzitsua gainean egotea. Nik bere xarma hartzen diot, dena kontrolatua izan nahi eta behar dugun garaiotan, hemen ez dagoelako horretarako tarterik, natura kontrolaezina da. Gainera, emaitza ez da berehalakoan ikusten, gaur egun gizartearen beste ezau- garrietako bat dena. Pazientzia behar da, eta landarea hazten ikusi”.

Trikimailu txikiak
Probak egitea ere gakoetako bat da. “Horrela ikasten da, ez dago besterik, eta batzuetan gehiago huts egiten da asmatu baino”. Bere buruari galdera asko egiten dizkiola dio, eta horrela ikasten du. “Nik ikasi nuen trikimailuetako bat izan zen, landatu aurretik, zulo sakonago baten, askapen geldoko ongarri bat jartzea zizare hummus apur batekin. Ez ditu sustraiak erretzen eta landarea babesten laguntzen du. Bestetik, fumigatu behar izatekotan, oso garrantzitsua da euria egin ostean, berehala egitea”. Aurten, Quintanak hiru aldiz bakarrik fumigatu behar izan ditu, ez ditu aurretiazkorik egiten.

Alde horretatik, aldaketa klimatikoa eskertu dezakeen bakarrenetarikoa da tomatea. Eguzkia behar du, duela urte batzuk arte Euskal Herrian, nahiz eta uda izan, aurkitzeko zaila zena. “Tomate asko izan ditugu, nahiko osasuntsuak gainera azkenera arte. Urrira arte tomateak izango ditugu. Hori bai, ureztatzeari dagokionez oso gainean egon behar izan naiz batzuetan muturreko tenperaturak bizi izan ditugulako, eta horiek bai ez direla inorentzat onak”. Batzuetan ‘txapela’ eta guzti jarri behar izan die tomateei, hau da, eguzkitik babesteko zerbait, batzuetan negutegietan bero gehiegi elkartzen delako. “Gakoa 35 gradutik gora egiten duenean kontrolatzea da”. Baratzeko erregea behar bezala zaindu behar delako.