Gauza gutxi daude goizeko lehen kafea baino garrantzitsuagoak direnak. Egunari aurre egiteko modua baldintzatu dezake eta guzti. Hori ondo baino hobeto daki Rosenberg da Silva Rochak, La Modernako jabeak. Horregatik, “tentuz eta mimoz” egiten ditu lehen orduko kafeak. Hori gutxi ez, eta bezeroei beraien iritzia eskatzen die eta guzti. Dena, zerbitzua “ahalik eta onena” izateko. Hain zuzen ere, “hurbileko tratua eta ezagutza” dira La Modernako ezaugarri nagusiak. “Egunerokotasuneko bezeroekin batez ere, dagoeneko atetik sartzen direnerako prest izaten dute beraien kafea, beraien gustura, beti nahi izaten duten bezala”, azaldu du. Azkenean, askotan, ez da izaten denbora askorik, ezta kafeaz gozatzeko ere. “Toki ezin hobea da lanera joan aurretik edota seme-alabak eskolan edo autobusean utzi ostean gosari on batez gozatzeko”. Azkenean, La Moderna gosaria hartzeko baino askoz gehiago da: topagune bat da. 20 urte baino gehiago daramatza jabeak herrian, baina betidanik izan du begiz jota La Moderna, behingoz hartu ahal izan zuen arte, duela hiru urte. “Tokia ezin hobea da, herriko puntu estrategiko batean dago kokatuta, beraz, zukua atera behar zitzaion”. Baita lortu ere. Askotariko gosariak prestatzen ditu, pintxo hotz zein beroak, gozogintzako… Hori gutxi ez, eta ogia edota egunkariak ere baditu. Hurbiltasunetik egiten du lan bere produktuekin ere, tartak edota opilak Larrabetzuko Sarrikolatik ekartzen ditu. Rosenberg da Silva Rochak eskerrak eman nahi izan dizkie bere bezero eta lagunei.