Bizkaiko zubirik garestiena

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 11a, 09:37

Testua eta argazkia: Andoni Solorzano Orue

Bilbo eta Txorierriren arteko bidegorria posible da, eta era merkean, gainera. Horretarako, Erandioko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza baino ez da behar. Atzo bertan, amak paper batzuk ekarri zituen etxera. Bere enpresak ekimen berri bat jarriko du martxan, eta lanera bizikletaz doanari kilometro bakoitzeko ordaindu egingo diote. “Neure adinagaz ezingo neuke Bilbora bizikletaz joan. Ganera, Enekuritik ezin leiteke bizikletaz pasa”, esan zidan. “Bai, egia da, Enekuritik ezin leiteke ez bizikletaz ez oinez pasa”, erantzun nion. Hurrengo egunean, Bilbotik etxerantz autobusean nindoala, azken hori eduki nuen buruan bueltaka. Benetan ezin daitekeen Enekuritik oinez pasatu? Erantzuna Enekuri jaitsi eta Asuara heltzean izan nuen. Autobuseko leihotik begira zubi bat ikusi nuen, Asuaberri eta Asuaran poligonoen artean dagoena. Egia esan, egunero ikusten nuen. Izan ere, egunero milaka eta milaka auto, motor eta kamioi igarotzen dira bere azpitik, alde baterantz zein besterantz. Baina, hala ere, ikusezina da jendearentzat. Etxera heldu eta ordubete pasatu baino lehen, bizikleta gainean nengoen. Larrakoetxetik irten eta ordu laurden batean Asuan nengoen, zubira heltzeko asmotan. Zubira iristeko, lehenik eta behin, eskailera eta arrapala batzuk igo behar dira. Eskaileraz beteriko igoera oinez egin nuen, bizikleta eskuan neramala. Zubira iritsi, Txorierriko autobidea zeharkatu, eta beste aldeko beste hiru eskailera-atal igo eta gero, Fano auzoan agertu nintzen. Handik Carrefourrerantz doan errotondara iritsi eta Enekuri igotzea bost minutuko kontua izan zen, eta Bidegorritik Deustura iristea, beste bost minutu. Bilbon nengoen, Loiu eta Bilboren arteko tartea bizikletaz eginda, errepide nagusia zapaldu barik, eta ordu erdi pasatxoan. Hasierako harriduratik haserrera berehala pasatu nintzen. Nola liteke, halako zubi bat edukita, bidegorririk ez egotea? Nola liteke zubitzar hori eraiki eta ez aprobetxatzea? Ikuspuntu okerra egon da hemen. Zubi hori Fano auzokoentzat eraiki zen, ziurrenik, handik Asua aldera oinezko irteera izan zezaten. Baina haratago begiratu beharko genuke: Txorierri eta Bilbo bidegorriz lotzeko bidea da. Zailena eginda dago, zubia eraikita dago. Eskailerak kendu, arrapalak jarri eta kartelak ipintzea baino ez da falta. Ekonomia aldetik ikusita, zubi hori Bizkaiko zubirik garestiena izango da. Hura eraikitzeko ipini behar izan zen diruak ez dio titulu hori emango; dituen aukerak aprobetxatu ez izanak, ostera, bai.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).