Ortu ekologikoa atonduko dute berbalagunek

Aikor aldizkaria 2011ko urr. 13a, 15:50

Berbalagun egitasmoaren partaideek burua ideiaz beteta dutela eman diote hasiera ikasturteari. Horrela, iaz antolatu zituzten ikastaroez eta ekimenez gain, hala nola padel ikastaroa, mendi irteerak eta museoetako bisitaldiak, oso tailer eta egitasmo berritzaileak jarriko dituzte martxan aurten. Horietako bat Ortu ekologikoa da. Azaldu diguten bezala, 500 metro karratuko lursaila jarri dute Loiun eta han sasoiko produktu ekologikoak landatzeko asmoa dute. Argibideak baserrian eskarmentu handia duen lagun batek emango ditu eta hasteko, soloa eta lurra zelan atondu behar diren azalduko die parte-hartzaileei. Gainera, aipatu digute aukera dutela, Txorierrin beste ortu bi jartzeko. Lurrak ematen dizkien produktuak ondo aprobetxatuko dituzte. Izan ere, horiek eta beste batzuk erabiliko dituzte Txokoz txoko tailerrean. Ekimenak ohiko platerak prestatzen ikastea du helburu, eta hilabetean behin egingo dute. Bestetik, informatika eta eskalada tailerrak ere antolatuko dituzte. Azken hori aire zabaleko eskalada-murru batean emango da. Tailerretan edonork har dezake parte, eta lagun edo familiarekin batera egin daitezke. Egitasmo guztiek euskararen erabilera bultzatzea dute helburu, eta hura bizitzaren edozein esparrutara zabaldu. Horren haritik, erdaldunak ere euskarara hurbildu nahi dituztela esan digute. Horretarako, Facebook gizarte-sarearen bidez talde bat osatzeko asmoa dute. Plataforman, egunerokotasunean jorratzeko elkarrizketatxoak idatziko dira eta taldearen kideek haiek kontsultatu eta ikasi ahalko dituzte, kalean, dendan eta abarreko lekuetan erabiltzeko.