Umeak eramateko motxilak batzeko kanpaina Loiun

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 7a, 17:11

Donostiako ama batzuek umeak eramateko motxilak eta fularrak batzeko kanpaina ipini dute abian. Kanpainaren bidez batzen den materiala Siriara bidaliko dute. Helburua, herri horretatik ihes egin duten pertsonei seme-alabak modu erosoago batean eramaten laguntzea da. Materiala AAPS elkartearen bitartez bidaliko da Siriara. Elkarte hori 2011n sortu zen Siriako herritarrei eta iheslariei babesa emateko. Kanpainak oihartzun handia eduki du eta materiala biltzeko guneak sortu dira Estatu osoan zehar. Loiuko Denontzat elkarteak ere egin du kanpainarekin bat, eta motxilak eta fularrak Larrondoko pilotalekuan batuko dituzte. “Txorierritarrok hara eraman dezakegu materiala pilotalekuaren ordutegiaren barruan. Gainera, elkarteak 20 motxila erosi ditu, eta nahi duenak horietako bat eros dezake 14 eurotan. Era berean, baten batek lagundu nahi badu eta motxilarik ez badu, edo non hartu ez badaki, elkartea prest dago motxila gehiago erosteko”. Danontzat Elkarteak kanpainaren sustatzaileei bidaliko die materiala, gero horiek Siriara bidali dezaten. “Oso irudi krudelak ikusten ditugu komunikabideetan iheslariei buruz. Kilometroak eta kilometroak egiten dituzte egunero, eta askotan ez dute seme-alabak eramateko modu egokirik. Iheslariek pairatzen duten larritasunari, ziurgabetasunari… seme-alabak galtzearen beldurra gehitu behar diogu. Are gehiago, ume asko galdu egin dira eta hau modu bat da gurasoak zein umeak apur bat babestuago sentitu daitezen”. Larrondoko pilotalekua 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 21:30era dago zabalik astelehenetatik barikura; eta 09:00etatik 14:00etara, zapatuetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).