Putxera Txapelketa, Loiun

Aikor aldizkaria 2013ko abe. 16a, 15:18

Loiuko Udalak Putxera Nazioarteko Txapelketa antolatu du urtarrilaren 25erako. Txapelketa hirugarren aldiz egingo da. Parte-hartzaileek goizeko 9:00etan eman beharko dute izena eta putxerak ordu-bietan aurkeztu beharko dira. Horiek prestatzeko, osagai hauek erabili ahalko dituzte: indaba gorriak, saiheskia, odolostea, txorizoa, urdaia, baratxuria, kipula, piperra, porrua eta azenarioa. 2013ko txapelketan 85 putxera aurkeztu ziren eta parte-hartzaileen artean Txorierriko lagunak ez ezik Sopela, Bilbo, Barakaldo, Bakio, Santurtzi, Lanestosa, Tutera eta Burgoseko lagunak ere izan ziren. Antolatzaileek datorren urteko txapelketan ere giro polita izatea espero dute. Gainera, herriko frontoia atonduko dute parte-hartzaileek bertan bazkal dezaten, lasai eta aterpean. Txapelketak nobedade bi ekarriko ditu. Alde batetik, inskripzio-kuota % 50 merkatuko dute eta parte-hartzaileek bost euro baino ez dute ordaindu beharko putxera bakoitzeko. Bestetik, sari gehiago banatuko dira. Hala, irabazleak 290 euro, txapela eta urrezko putxera jasoko ditu saritzat; 250 euro eta zilarrezko putxera, bigarren gelditzen denak; 200 euro eta brontzezko putxera, hirugarrenak; 150 euro, laugarrenak; eta 100 euro, bosgarrenak. Horrezaz gainera, ardoa eta txakolina banatuko da parte-hartzaileen artean eta putxera bat emango diote indabarik goxoenak prestatzen dituen loiuztarrari. Informazio gehiagorako eta erreserba egiteko, 688 679 588 telefonora dei daiteke.