Motorren kontzentrazioa, Loiun

Aikor aldizkaria 2014ko eka. 23a, 09:32

Loiueko Udalak eta Txoribikers taldeak motorren kontzentrazioa antolatu dute uztailaren 19rako. Ekitaldia hirugarren aldiz egingo da aurten eta egun osoan zehar ekintzak izango dira herrian. Kontzentrazioa goizeko 10etan hasiko da. Txosna irekiko da eta parte-hartzaileek izena eman beharko dute udaletxeko eskaileretan, bost euro ordainduta. Goizeko 11etan ibilbide librea egingo da herriko tabernetatik, eta 11:30ean parte hartzaile guztiak batuko dira herrigunetik atera eta ibilbidea elkarrekin egiteko. Txitxi-burruntzia eskainiko da bazkaltzeko orduan eta puzgarriak eta umeentzako jokoak izango dira arratsaldean. Ibilbidea egingo da Txorierritik eta arratsaldeko 6:30ean “motorrak hegazkinen aurka” ekimena izango da. Babel Covers taldeak kontzertua emango du eta iluntzeko 8:30ean saiheski jana egongo da. Eguna amaitzeko, motorzaleek jaitsiera egingo dute eskuan zuzi bat daramatela. Jaitsiera gaueko 10:30ean izango da.