Hotzari, euriari eta txingorrari aurre egiteko, indaba goxoak baino hoberik ez dago. Loiuko Putxera Txapelketan parte hartu zutenek hala pentsatu zuten, beharbada, oso eguraldi txarra zegoen arren, ekintza erabat arrakastatsua izan zelako. Txapelketa zapatuan egin zuten. Orotara 92 putxera aurkeztu ziren eta irabazlea Mª Jesus Valdivieso sestaotarra izan zen. Sailkapen osoa Loiuko Udalaren webgunean ipini da ikusgai: loiu.org.
Loiutarrak eta txorierritarrak ez ezik, beste herrietatik etorritako lagunak ere batu ziren: Santurtzi, Sopela, Balmaseda eta Bilbo, batzuk aipatzearren. Bazkarian, Zabaloetxeko frontoian, 400 lagun inguruk hartu zuten parte. Ostean, erromeria egon zen.