Umeak eramateko 20 motxila bidali dira Loiutik Lesbosera

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 29a, 10:09

Donostiako ama batzuek umeak eramateko motxilak eta fularrak batzeko kanpaina ipini dute abian. Kanpainaren bidez batzen den materiala Siriako errefuxiatuei bidaliko diete. Helburua, herri horretatik ihes egin duten pertsonei seme-alabak modu erosoago batean eramaten laguntzea da. Materiala AAPS elkartearen bitartez bidaliko da. Elkarte hori 2011n sortu zen Siriako herritarrei eta iheslariei babesa emateko. Kanpainak oihartzun handia eduki du eta materiala biltzeko guneak sortu dira Estatu osoan zehar. Loiuko Denontzat elkarteak ere egin du kanpainarekin bat, eta 20 motxila batu dituzte. Azaldu digutenaren arabera, kanpainaren arduradunek motxilak Lesbos irlara (Grezia) bidali dituzte dagoeneko. Umeak eramateko motxilez gainera, janaria ere batu zuten. “Beste motxila-sorta bat erosi dugu eta materiala apirilaren 23an eta 24an ipiniko dugu salgai, herrian egingo den motorren kontzentrazioan. Txupeteak, biberoiak, zerealak… be egongo dira salgai. Bestalde, Donostiako kide batzuek Zaporeak proiektua ipini dute abian eta Greziako Chios uhartera joan dira errefuxiatuei laguntzeko. Otorduak prestatzen dabiltza eta arroza, dilistak… bezalako jatekoak behar dituzte. Guk ere proiektu horretan parte hartu nahi dugu eta Txorierriko alkateekin hitz egiteko asmoa dugu, Txorierri mailan janari bilketa handia antolatzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).