Urriaren 15a azoka eguna izango da Loiun, eta Danontzat hango elkarteak pintxo-pote solidarioa antolatu du egun horretarako, Udalaren eta Loiuko Bakarrak gazte elkartearen laguntzarekin. Elkarteak Loiuko frontoian ipiniko du postua, artisautzaren gunean, eta bertan txanpinoiak plantxan eta edaria ipiniko dute salgai euro bitan. Ohiko produktuek osatzen duten otzara ere zozketatuko dute. Txartelek euro bat balioko dute eta otzara 15:00etatik aurrera zozketatuko da. Azaldu duten moduan, batzen den dirua gaixotasun arraroa duten umeei zuzenduko dute, terapiak ordaintzen edo behar duten edozein gauza erosten laguntzeko.
Azoka
Postuak Herriko plazan, Alonsotegi plazan eta frontoian ipiniko dira, eta azokari goizeko 10etan emango zaio hasiera. Eguerdiko 12etan Bizkaiko txakolina eta baserriko oilaskoa dastatzeko aukera egongo da, eta 13:00etan herri kirolen erakustaldia izango da. Bestetik, aurreko egunean, urriaren 14an, eta 18:00etatik aurrera, Loiubeer fest izango da Udaletxeko plazan.