“Kalezaindu zerbitzua dago aplikazioaren barruan eta horren bidez, loiuztarrak Loiu zaintzen lagunduko digute, herrian ikusten dituzten akatsak-eta jakinarazi ahal izango dizkigutelako. Era berean, aukera edukiko dute albisteak, ekitaldiak, oharrak… telefono mugikorrean jasotzeko”, idatzi du Josu Andoni Begoña alkateak bere blogean. Aurrekontuak, uda-arauak eta abarrekoak ere plazaratuko dituzte aplikazioaren bidez.
Aplikazioa Bizkaiko Foru Aldundiaren BizcayTIk fundazioak ipini zuen martxan 2014an eta dagoeneko Txorierriko Udal guztiek erabiltzen dute, Larrabetzukoa izan ezik, Hirix aplikazioa erabiltzen du-eta.
Bestetik, Loiuko Udalak bere webgunea, www.loiu.eus, ere berritu egin du. Herritarrek online egin ahal izango dituzte izapideak, eta hainbat agiri deskargatu, hala nola ordenantzak eta udal bandoak. Udalak beste zerbitzu batzuk gaineratuko ditu etorkizunean. “Era errazago eta modernoago batean aurkeztu nahi dugu udal informazioa. Administrazio elektronikoa bultzatu nahi dugu eta, gainera, Udalaren jarduera modernizatu. Udal digitala izan nahi dugu, gardenagoa eta eraginkorragoa. Webgunearen eta aplikazioaren bidez, harreman-eredu berri bat sustatu nahi dugu, loiuztarrek bertan parte hartzeko”.