Galdeketa 19:30ean egingo da eliza aurrean. Bertan hautestontziak jarriko dira. Loiuztarrei proiektu bi aurkeztuko zaizkie, bata ala bestea aukera dezaten. Lehenengo proiektuan antzokia gaur egungo Kultur Etxeko beheko solairuan kokatzea aurreikusi dute. Horrek 115 lagunentzako tokia izango duen auditorium bat edukiko luke, biltegi bat eta udal artxiboaren hedapena. Gainera, frontoiko ormak saneatuko lirateke. Bigarren proiektuari dagokionez, Udaletxearen atzean dagoen landan eraikin erdi lurperatuta bat egitea aurreikusten da. Horrek 105 lagunentzako lekua edukiko luke, gimnasio bat eta musika entseguetarako lokal bat. Proiektu bietan eszenatoki bat atonduko da eta, besteak beste, ikuskizunak, pelikulak, antzezlanak eta hitzaldiak emango dira bertan. Loiuztarrek proiektuen argazkiak, infografiak eta planoak kontsultatu ahalko dituzte gaur arratsaldean.
Antzokia Loiuko kultura eta aisialdiko garapenaren gune nagusia izango da datozen urteetan. Horrezaz gainera, herriaren elementu zentralizatzailea izango da, eta kultura suspertzeko elementu dinamizatzailea ere bai. Aldi berean, “ezinbesteko lotura izango da gaur egungo alde zaharraren eta Loiu berriaren garapenaren artean”. Txorierriko Mankomunitatean antolatzen dituen ekitaldien zirkuituan sartzen ere ahaleginduko dira.