Giro ederra, Bizkaia Kopa Trail txapelketaren Loiuko saioan

a: Loiuko Udala 2018ko eka. 18a, 13:16

Bizkaia Kopa Trail txapelketaren laugarren etapa Loiun izan da zapatuan, ekainaren 17an. Guztira 600 lagunek hartu zuten parte hainbat kategoriatan, bai emakumezkoek, bai gizonezkoek.

“Aurten bigarren aldiz egin da Loiun eta guretzat ohorea da horrelako saio bat geure herrian antolatzea. Lasterketara jende asko hurbildu zen eta giro polita bizi izan genuen egun osoan”, esan digu Josu Andoni Begoña alkateak. Kirolariek Loiu zeharkatu zuen ibilbidea egin zuten: Karabizu eta Mantuliz mendiak, Lauroeta eta Zabaloetxe auzoak….

Guztira bost kategoria jokatu ziren: martxa laburra eta luzea, trail laburra eta luzea eta mountain bike (MTB). Martxetan ez dago generoaren araberako kategoriarik eta Izaskun Muruak irabazi zuen 10 kilometrokoa eta David Domínguezek, 20 kilometrokoa.

Trail laburrari dagokionez (10 km), hura Nerea Eugenia Iturriagak eta Ekaitz Kortazarrek irabazi zuten; eta beteranoen kategorian, Bego Uriartek eta Jorge Monasteriok; azkenik, Garri Bikes taldea (Asier Iza, Roberto Balza, Koldo Díaz eta Roberto Tapia) ere nagusitu zen. Trail luzean (20 km), Lorena Guinaldo eta Mikel Monasterio izan ziren txapeldunak; baita Susana Vicente eta Enrique Iglesias ere, beteranoen mailan; Jiorings Running Team (Jarno González, Iban Sáenz, Josu Laguna eta Eduardo Saez) izan zen onena. Aipatzekoa da Sondika Kirol Zaleak taldeak (Mikel Monasterio, Jon Ander Ayestaran, Unai Ibarra eta Iker Santamaría) hirugarren postua lortu zuela.

Txirrindulariek ere hartu zuten parte Loiuko saioan. Zuriñe Frutos eta Javier Goitia azkarrenak izan ziren; beteranoen artean, Mate Irache eta David Muñoz izan ziren lehenengoak; eta Basati taldeak (Javier eta Mikel Goitia, Egoitz Egiarte eta Lander Aretxederreta) txapela irabazi zuen. 

Bizkaia Kopa Trail mendi kirol liga bat da. Guztira, sei txakur-krosek eta zortzi etapak (mendi-martxa, traila eta MTB-a) osatzen dute liga. Ligako laugarren saioa Loiun egin zen, baina Zamudion ere egingo dute beste saio bat urriaren 14an. Gainera, Bizkaia Kopak Arrieta, Lemoiz, Morga eta Trapagaran, Lekeitio eta Dima bisitatuko ditu aurten. Bizkaia Kopak sen solidarioa dauka, Gobernuz Kanpoko Elkarte batzuekin lan egiten duelako. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).