Loiuko Udaleko Bozeramaileen Batzordea batu zen atzo eta emakumeen aurkako erasoak gaitzesteko adierazpena onartu zuten. Adierazpen horretan jaso duten moduan, “Erakundearen eta Loiun bizi garen guztion beharra da emakumeen aurkako biolentziaren arbuioa adieraztea eta gizartearen gaitz hau errotik kentzeko neurriak hartzea, erasotuari eta bere familiari laguntza eta babesa agertzeaz gainera”. Arazo honek erakundeen eta gizartearen erantzun integratua eta koordinatua eskatzen duela adierazi dute, eta Udalak emakumeek pairatzen dituzten eraso guztiak salatu eta erabat gaitzesten dituela. Hala, behar diren neurriak hartzeko borondatea agertzen du. Udalak “bere eskumenen barruan eta indarrean dagoen legeria aplikatuz, udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko konpromisoa adierazten du, berdintasunaren alde eta emakumeek jasaten dituzten biolentzia mota guztien aurka”. Udalak deia egin zien herritarrei “emakumeen aurkako bortizkeriaren aurrean gaitzespen jarrera hartzeko, ez onartzeko, honen aurrean isilik ez geratzeko, eta honelako erasoen aurrean antolatzen diren ekintzekin bat egiteko, eta halaber, eguneroko bizitzan emakume eta gizonen arteko berdintasun balioak erabiltzeko”.
Beren aldetik, Txorierriko talde feministek – Koxak (Derio), Zapata Gorriak (Zamudio), Moreak (Lezama), Zutunik (Larrabetzu) eta Sondikako Talde Feminista- esan dute eraso hau ez dela kasu isolatu bat, arazo estruktural bat baizik. “Emakume izateagatik eta gizarte patriarkal honetan bizitzeagatik pairatzen dugun arazoa. Adibide argia da
La Manada aske geratu izana, estatu patriarkalak erasoen aurrean duen zigorren gabeko jarrera agerian utziz”. Gainera, adierazi du azken garaian, Euskal Herrian, emakumeen kontrako erasoak areagotzen ari direla. “Eta Txorierrin ere nabaritzen dugu areagotze hau”.
Txorierriko talde feministek ere salatu dute Loiun izandako erasoa, eta bat egin zuten atzo, eguerdiko 13:00etan, Loiun egin zen elkarretaratzearekin. Bestalde, aipatu beharra dago zapatu goizaldean, 01:00etik 01:15era, txosnak eta jai guneak itxita egon zirela, eta Loiuko Bakarrak Gazte Elkarteak ere komunikatu bat irakurri zuela, eraso sexista gaitzesteko.