Iker Vicente aizkolariak irabazi du Loiu Larrakoetxe Sari Berezia

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 12a, 12:10

Iker Vicente nafarrak Larrakoetxe Sari Bereziaren lehenengo edizioa irabazi zuen zapatuan, azaroaren 10ean. Aitzol Atutxa bizkaitarra bigarren postuan gelditu zen eta Xabier Orbegozo 'Arria V' gipuzkoarra, hirugarrenean. Saioa Basque Sports enpresak antolatu zuen, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Loiuko Udaleko laguntzarekin.

Duela aste bi, Aitzol Atutxak Euskal Herriko txapela irabazi zion Iker Vicenteri, baina Loiun nafarra izan zen indartsuena. Vicente fin eta arin aritu zen, 14 kanaerdiko 29 minutu eta 41 segundotan mozteko. Aitzolek 32 minutu eta 03 segundo behar izan zituen amaitzeko eta Xabier Orbegozok, 36 minutu eta 37 segundo.

“Euskal Herriko Txapelketan arantza bat gelditu zitzaidan, amaitu arte borrokatu ostean, txapelik gabe gelditu nintzelako. Badakit Loiuko saioa ez dela bestea bezain garrantzitsua, baina gogotsu etorri naiz hona eta gutxienez garaipena lortu dut”, esan zuen txapeldunak Euskadi Irratian. “Saioa oso ondo egon da: antolakuntza aparta, giro bikaina sortu da, aizkolariok probalekuaren erdi-erdian… Guretzat gozamena izan da”, gaineratu digu Aitzolek.

Aizkolari nagusiez aparte, Basque Sports enpresak herri kirolen jai handia antolatu zuen Loiun. Izan ere, beste saio batzuk ere egin ziren. Emakumeen arteko txinga eroate norgehiagoka Nerea Egurrolak irabazi zion Xanta Sousari; gizonezko mailan, Ousmane Drame Kerman Pérez De Heredia baino azkarragoa izan zen; 2018ko Euskadiko Harri Jasotzaile Kintopekoen Txapelketan Jon Gisasola izan zen garailea, Aritz Etxebarria eta Iraitz Arrutiren aurretik; eta 19 urte baino gutxiagoko aizkolarien arteko txapelketan, Odei Ezpeletak irabazi zien Xuban Cañamares eta Unai Zabalari.

Erlazionatuak

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).